Itxi

Sail Ofiziala

'Lubaki amaigabea', Arregi, Garaño eta Goenaga zinegileen 'beldurraren alegoria'

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Josemari Goenaga zuzendariek Gerra Zibilaren ostean ezkutatzen den "sator" baten istorioa kontatu dute, Belen Cuesta eta Antonio de la Torre aktoreekin.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Handia eta Loreak filmen zuzendariak, euren "konfort-zonatik" irten dira Lubaki amaigabea pelikularekin. Gerra Zibilaren ostean ezkutatzen den "sator" baten bizitza osoa irudikatu dute pelikula zehatz eta hunkigarri batean. Maitasun istorio bat ere baden "beldurraren alegoria" bat da. Zinemaldian estreinatu dute, eta aretoetan urriaren 31tik aurrera egongo da ikusgai.

"Higinio ezkutatuta badago beldurragatik da. Denok gara zerbaiten beldur: urratsa ematearen, lana uztearen, armairutik irtetearen beldur", azaldu du Garañok prentsaurrekoan. Arregik zehaztu duenez, beti nahi izan dute "iraganaren eta orainaren arteko elkarrizketa bat" sortu, ikusleak ikus dezan gaur "arropak aldatu direla, baina gizakiaren kezkak berberak direla".

Txalo artean hartu dituzte kazetariek Kursaalean. Lubaki amaigabea-ren arduradun andaluziarrak eta euskal herritarrak ados daude: Belen Cuesta eta Antonio de la Torre protagonisten lana handia izan da. Olmo Figueredo produktore andaluziarraren arabera, ondo zaindu dituzte azentuak.

"Hori zen geneukan beldurretako bat", esan du Cuestak. Rosa da pelikulan. Maitasunez "egiten du egiten duen ibilbidea: sufritzen du, beldur da, zaintzen du, borrokatzen da, zahartzen da, ama izaten da", azaldu du Malagako aktoreak. Bere uztez, bere bizitzako paperik garrantzitsuenetariko bat egin du.

"Zintzotasuna eta egia nahi genituen, oinarrizkoak direlako istorioa kontatzeko", gehitu du aktoreak.

Zentzu horretan, De la Torrek azaldu du herrietako "aholkulariak" bilatu zituzten, eta esamoldeak hitzartu zituzten, ez baitira berdinak 30. hamarkadako andaluziera eta gaur egungoa. "Gure gurasoen eta herrien oinordea da. 'Millennial' gazteek esan ahal diegu bertatik gatozela", esan du aktoreak.

De la Torre Higinio da, Rosarekin ezkondu berri den errepublikazale bat Gerra Zibila hasten denean. Bere bizitza benetan mehatxatua izatera igaroko da. Bere familiaren laguntzarekin, bere etxean egindako zulo bat erabiltzea erabakitzen du behin behinean ezkutatzeko. Baina gauzak zailduko dira, Francok gerra irabazten duelako. Beldurrak eta maitasunak 30 urtetik gora iraungo duen itxialdi batera kondenatuko dituzte.

Istorioa ez da egiazkoa. 2012an Manuel H. Martinek egindako 30 años de oscuridad animaziozko filma hartu dute inspiraziotzat, baina ez dute horren "mende" geratu nahi izan.

Zuzendariek etapaka eta misioka banatu dute lana. Arregik azaldu duenez ,horrela egiten dute orain dela 20 urtetik, "frikia emate badu ere". Higinioren ikuspuntua erabili dute istorioa kontatzeko; "ez du dena ikusten, ez du dena entzuten, eta ez du bere familiak ezer ezkutatzen ez dionik uste".

Aktoreekin batera egiten du aurrera pelikulak, hogeita hamar urteetan zehar. Zahartuko dira, lodituko dira eta, tartean, zoratuko dira edo etsia hartuko dute. "Ez genuen gordeleku horretatik atera nahi, eta 30 urte horiek senar-emazte batzuen eta herrialde baten istorioan ikustea nahi genuen", laburbildu du Goenagak.

Esan duenez, "politikoa testuinguruan dago; xumeenean dago, senar-emazte batzuek Andaluziako herrixka batean nola bizi ahal zuten ikustean, horra oso modu etxetiarrean hurbilduz; ez dugu hitz aipatzen Francorekin zein gaizki geunden, baina beren ahotsean entzuten da".

Lehenengo emanaldian, ikusle gehienak pozik irten dira Kursaal aretotik.

Albisteak (3)

Bideoak (3)

Informazio gehiago (1)