'Zeroville'
James Francok maitasun gutun lausoa idatzi dio zinemari
Natxo Velez (Donostia) | eitb.eus
2017an Urrezko Maskorra irabazi zuen estatubatuar zuzendariak lehiaketatik kanpo erakutsi du “Zeroville”, Steve Ericksonen eleberri lisergiko eta adiktiboaren moldaketa.
Zinema ikusteko ohiko formatua krisian dagoela dirudien honetan, arte honi gorazarre egiten dioten hainbat film iritsi dira gure pantailetara. Hor daude “Once upon a time in… Hollywood” Quentin Tarantinorena eta James Francoren “Zeroville” hau, zeina, hain zuzen ere, “Reservoir dogs”en zuzendariaren filma bukatzen den puntuan bertan abiatzen baita, Sharon Tateren hilketaren egunean.
James Francok ez zuen erronka makala “Zeroville” zinemari idatziriko oda pantailara eramateko, eta emaitza gorabeheratsua da. Liburuak baino bertute gutxiago (sintesiak eleberrian funtsezkoak diren pasarteak ahaztu ditu, baita Euskal Herriari egiten zaizkion hainbat aipamen bitxi ere) eta akats gehiago (antzezpen motel batzuk, istorioari eginiko eranskin zoroak, hala nola Will Ferrellek gorpuztutako pertsonaiaren zenbait kantaldi eta hondartzako jaia, Vikar nolabait gizatiartu, samurtu, izana) gordetzen ditu pelikulak.
Urrezko Maskorrerako lehiatik kanpo gelditu zen filma, Zinemaldiaren arauak ez betetzeagatik (Errusian estreinatu zuten, Zinemaldian erakutsi aurretik), eta, Zinemaldiarenak ez ezik, filmak zinemaren beraren arau asko ere hausten dituela esan dezakegu.
Ericksonen eleberriko protagonista batek gorroto du “A place in the sun” pelikula klasikoa (Vikar protagonistak, film muntatzaile batek, pelikula horren fotograma bat buruan tatuatuta dauka) lehenbizikoan ikusten duenean, baina, astebetez etengabe ikusi eta gero, maitatu egingo du. Baliteke pelikula honekin antzeko zerbait gertatzea, muturrekoa izanagatik (edo izateagatik) baditu eta hainbat alderdi azpimarragarri (zinemari eta kontrakulturari egiten dizkion aipamenak, esaterako), baina, lehen irakurraldi batean, lauso samar gelditu da Francok zinemari idatzitako gutuna.