Itxi

Irailak 26

Izar dirdiratsuak Donostian, Zinemaldiaren azken txanparako

eitb.eus

Leer en Castellano

Gaur, ostegunarekin, Donald Sutherlandek aurtengo bigarren Donostia saria jasoko du, eta hirian lagun izango ditu, besteak beste, Laetitia Casta, Ken Loach eta Javier Bardem.

Donald Sutherlanek Donostia saria jasoko du gaur, osteguna

Donald Sutherland izango da ostegun honetan, irailak 26, Donostiako Zinemaldiaren izarrik dirdiratsuena. Kanadar aktoreak aurtengo edizioko bigarren Donostia saria jasoko du (lehenengoa Costa-Gavrasek jaso zuen larunbatean, eta hirugarrena Penelope Cruzi emango diote, ostiralean) Kursaalen, 22:00etan. eitb.eus-en ikusi ahalko da ekitaldia.

Gala horretan, gainera, “The Burnt Orange Heresy” filma emango dute; besteak beste, “M.A.S.H.” eta “Novecento” pelikuletan egindako paperengatik ezagun egin den aktorearen azken lana. Giuseppe Capotondik zuzendu du pelikula.

Horrez gain, Sail Ofizialean, “Rocks” pelikula ikusi ahalko da ostegunean, Sarah Gavron zuzendari britainiarraren ikuspegitik “gaztaroko bizipoza, erresistentzia-ahalmena eta espiritua” erakusten dituen filma.

Bestalde, euskal ekoizpenei dagokienez, Maider Fernandez donostiarrak “Las letras de Jordi” dokumentala aurkeztuko du New Directors sailaren barruan, 20:15ean, Principe aretoetan, eta “70 binaldens”, “O que arde”, “Soinujolearen semea”, “Zer jan hura izan” eta “Leyenda dorada” ere egongo dira ikusgai egunean zehar.

Halaber, Laetitia Casta aktoreak “Le milieu de l'horizon” filma aurkeztuko du New Directors sailean, Gael Garcia Bernalek “Chicuarotes” (zuzendari gisa egindako bigarren film luzea) eta Javier Bardemek “Sanctuary”. Ken Loach ere izango da Donostian ostegunean, “Sorry we missed you” Perlak sailean erakutsiko duten filma babesten.

Albisteak (1)