Irailak 18-26
Denetariko euskal filmak, Donostiako Zinemaldian
eitb.eus
Hamalau film luze, hiru film labur, bi telesail, film ertain bat eta ekoizpen-fasean dagoen proiektu bat dira euskal ekoizpena osatzen duten lanak. EiTBk bederatzi lanetan hartu du parte.
Hogeita bat lanek ordezkatuko dute euskal zinema Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan, irailaren 18tik 26ra, Sail Ofizialean, New Directors sailean, Zabaltegi-Tabakaleran, Culinary Zineman, Zinemiran, Made in Spainen, Euskal Zinemaren galan, EiTB galan eta WIP Europan. EiTBk horietako bederatzitan hartu du parte.
Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko hamaika ekoizpen biltzen ditu, eta horietako bederatzi, Donostian estreinatu behar direnak, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan programatutako beste lau filmekin batera. Guztira, 13 film luze lehiatuko dira 20.000 euroko saria lortzeko.
Lara Izagirrek inauguratuko du Zinemira, Nora filmarekin. Besteak beste, Ane Pikaza, Héctor Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartzen dute filmean; Norak, filmeko protagonistak, aitite argentinarra galduko du, eta Euskal Herriko kostaldetik bidaia egingo du, Dyane 6 auto zaharrean haren errautsak amamaren errautsekin batera eramateko.
David Gonzálezek laugarren film luzea –Talento – aurkeztuko du; azkenik film komertzial bat egiteko erronkari aurre egin beharko dion gerrilla-zinemako zuzendari baten istorioa kontatuko du bertan. Eugène Greenek, Frantzian bizi den zinemagile estatubatuarrak, bi euskal mitoren berrikuspena proposatzen digu oraingoan Atarrabi et Mikelats filmean.
Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamas zinemagileek elkarrekin zuzendu dute Non dago Mikel?, Mikel Zabalzaren desagerpenari buruzko lana. Josu Martínezek eta Txaber Larreategik, bestalde, Caminho longe elkarlanean egindako lana aurkeztuko dute: Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiaren etxera itzultzeko bideari ekingo dio, Sao Tome eta Principe Afrikako uharte-estatuan erbesteratuta egon eta gero.
Javier eta Romerales, Madrilgo kaleetan lo egiten duten bi etxegabe beterano, dira Hijos de Dios Ekain Irigoienen filmaren protagonistak. Bestalde, N´Diawaldi Bouly (2011) eta Born in Gambia (2019) dokumentalak zuzendu ondoren, Natxo Leuzak Enrique Villareal 'El Drogas' musikariaren erretratu poliedrikoa sortu du.
Telmo Esnal ohikoa da Zinemaldian, eta aurten ere izango da bertan, Urtzen elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz sortutako zinema-saiakerarekin. Pepe Andreuk (Elx, 1973) eta Rafael Molések (Castelló, 1974) itxiko dute Zinemira, Lobster Soup lanarekin.
El estado contra Pablo Ibar eta Jo ta ke ere egongo dira Zinemiran, lehiaketatik kanpo, ez baitira film luzeak. Lehenbizikoa Olmo Figueredok sinatutako sei kapituluko telesail-dokumentala da, eta bigarrenean, film ertaina, Herrera de la Manchako kartzelarako bidaia bat proposatzen du Aitziber Olaskoagak, oroimenari buruzko hausnarketa bat egiteko.
Horiez gain, Zinemaldiaren beste sail batzuetan iragarritako hainbat ekoizpen ere izango dira Irizar saria irabazteko lehian: Pablo Agüeroren Akelarre –Sail Ofiziala–; David Pérez Sañudoren Ane eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak –biak New Directorsen– eta Asier Altunaren ARZAK Since 1897 –Culinary Zinema–.
Zabaltegi-Tabakalera eta Made in Spain sailetan ere euskal ekoizpenak egongo dira. Bi euskal film laburrek (Laida Lertxundiren Autoficción eta Marina Palacioren Ya no duermo) Zabaltegi Tabakalera sailean hartuko dute parte, eta Made in Spain sailean Paula Cons Varela galiziarraren La isla de las mentiras erakutsiko dute.
Azkenik, Arantza Santestebanek 918 gau proiektuarekin parte hartuko du WIP Europan, Donostiako Zinemaldiaren work in progress berrian. Ekoizpen fasean dagoen film hau Ikusmira Berriak egonaldi programan eratu zen.
Galak
Halaber, Euskal Zinemaren Gala irailaren 22an egingo da Victoria Eugenia Antzokian, eta Bizimina film laburra estreinatuko dute bertan, Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Jon Mayak zuzendutakoa. Dokumentala eta dantza uztartzen dira bertan, “bizi dugun pandemia garaian hobeki sentiarazteko kontakizun bat eraikitze aldera”.
Azkenik, irailaren 23an, EiTBk Alardea estreinatuko du EiTB Galan; David Pérez Sañudok zuzendutako lau ataleko telesaila Irun eta Hondarribiko desfile tradizionaletan emakumeek izan duten parte-hartzeari buruzkoa da. Zinemaldian bi kapitulu emango dira.