Irailaren 18tik 26ra
Zinemaldirako sarrerak salgai daude jada, baina Internetez soilik
agentziak | erredakzioa
Lehen egunean, 9.463 sarrera saldu dituzte jada; hau da, lehen hiru jardunaldietarako prest dauden eserlekuen % 90 baino gehiago. Alfonbra gorriari dagokionez, ez da publikorik egongo.
Irailaren 18tik 26ra egingo den Donostiako 68. Nazioarteko Zinemaldirako sarrerak igande honetan jarri dira salgai, baina online bakarrik, COVID-19a dela eta.
Lehen egunean, 9.463 sarrera saldu dituzte jada; hau da, lehen hiru jardunaldietarako prest dauden eserlekuen % 90 baino gehiago.
Ildo horretatik, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eskerrak eman ditu bere taldearen izenean, "urterik zailenean publikoaren erantzuna aparta" izan baita.
Zinemaldiko antolatzaileek nabarmendu dute pandemiak baldintzatutako ekitaldia izango dela aurtengoa, eta hartu dituzten neurrien artean dago sarrerak online soilik saltzea.
Kutsadura fokurik ez izateko eta kasuen jarraipena egin ahal izateko, sarrerak sansebastianfestival.janto.es eta Kutxabanken bidez salduko dituzte.
Irailaren 18tik aurrera, sarrerak zinemetako txarteldegietan erosi ahalko dira, eta bertan txartelarekin ordaintzea gomendatzen dute.
Salmenta mailakatua
Sarreren salmenta 09:00etan hasi da igandean, eta jaialdiaren lehenengo hiru egunetarako soilik erosi ahal izan dira sarrerak (irailaren 18, 19 eta 20rako).
Irailaren 14an, hilaren 21, 22 eta 23rako sarrerak erosi ahalko dira (aurreko egunetako gainerako sarrerak barne), eta, azkenik, irailaren 15ean, hilaren 24, 25 eta 26ko saioetarako txartelak eskuratu ahalko dira (aurreko egunetako gainerako sarrerak barne).
Irailaren 16tik aurrera, saio guztietarako sarrerak erosten jarraitu ahalko da. Ikusle bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ahalko ditu saio bakoitzerako, eta 20 tiket gehienez erosketa bakoitzean. Salmenta aurreratuan, Kutxabanken Gazte txartelarekin baino ez dira egingo deskontuak.
Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan deskontua egingo zaie Donostia Kulturako erabiltzaileei. Azkenik, Zinemaldiak egunero eskainiko ditu % 25eko deskontua duten sarrerak posta-zerrendan izena ematen dutenentzat.
Aurten salmenta aurreratua online bakarrik denez eta "herritar askorentzat oso urte zaila denez", Zinemaldiak sarrera salmentagatik ezartzen den komisioaren zati bat bere gain hartzea erabaki du: 0,40 eurokoa izango da aurten, ohiko 0,75 eurokoaren ordez.
Zinemaldiak gogorarazi duenez, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da une oro. Proiekzioa lau ordutik gorakoa denean (Patria, We are who we are eta Anistilioak lanetan, esaterako), maskara profesional homologatu bat eraman beharko da (KN95 edo FFP2), Osasun Sailaren aginduan egoera berezietarako ezarritakoaren arabera.
Edukiera
Bestalde, aforo murrizketari dagokionez, Kursaal 1ekoa % 40koa izango da (600 ikusle gehienez); Victoria Eugenia antzokikoa, Antzoki Zaharrekoa eta Kursaal 2koa, % 50ekoa; eta gainerako zinema aretoetakoa (Tabakalera, Trueba, Principe, Antiguo Berri), % 60koa.
Aforo murrizketa hori Zinemaldiko jarduera guztietan aplikatuko da (prentsa-agerraldiak, argazki-saioak eta aurkezpenak). Proiekzioen kopurua (2019an baino 159 pase gutxiago, hau da, % 23 gutxiago) eta filmen kopurua (2019an baino 64 gutxiago, hots, % 31 gutxiago) ere murriztuko dira, sarbide txukunagoak ahalbidetu eta husteko denbora gehiago izateko.
Alfonbra gorria
Alfonbra gorrian, gainera, ez da publikorik egongo, eta erabilera profesionalera mugatuta egongo da, distantzia zainduko duten argazkilari edo kamerariekin.