Itxi

Irailak 22

Zinema dokumentala eta dantza uztartuko ditu 'Bizimina'-k Euskal Zinemaren Galan

eitb.eus

Leer en Castellano

Beste bi pelikula estreinatuko dira gaur, biak euskal gatazkarekin lotutakoak: 'Non dago Mikel?' eta 'Caminho Longue'. Sail ofizialean, 'Auzitegia 3H' dokumentala sartuko da lehian.

'Bizimina' pelikularen irudia: Zinemaldia

Euskal Zinemaren Galaren gaua izango da gaurkoa. Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Jon Maya zuzendariek dokumentala eta dantza ekarriko dituzte Victoria Eugenia antzokira, 22:30ean, Bizimina pelikularen aurkezpenean.

Distantzia, besteen falta sumatzea, grina, komunitate-sentimendua, ezintasuna, isolamendua, nahasmena eta itxaropena… "Gaur egun hainbeste kostatzen zaizkigun emozioek" elkar topatuko dute film labur honetan. Maya koreografoak zinema zuzendari bezala egin duen lehenengo lana da.

Sail ofizialean, Courtroom 3H (Auzitegia 3H) pelikula izango da ikusgai lehenengo aldiz. Antonio Mendez Esparza madrildarrak zuzendu du lana. AEBn gurasoekin eta seme-alabekin lotutako gaiez arduratzen den auzitegi bakarrari buruzko dokumentala da.

Bi euskal pelikulak protagonismoa hartuko dute gaur. Zinemira sailean izango dira ikusgai biak, eta euskal gatazkarekin lotutako gaiak jorratzen dituzte biek.

Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek Non dago Mikel? zuzendu dute, Mikel Zabalzaren familiarekin. Nafarra 1985ean desagertu zen, Guardia Zibilak ETAko militante batekin nahasita atxilotu zuenean. Bidasoa ibaian agertu zen haren gorpua, hogei egun geroago. Familiak egia jakin nahian jarraitzen du.

Non dago Mikel?

Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariek, berriz, Caminho Longue ekarriko dute Donostiara. Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak etxerako bidea hartuko du, Sao Tome eta Principen erbesteratuta hainbat hamarkada eman ondoren.

Caminho Longue.

New Directors sailean, bere lehen film luzea ekarriko du Grigori Kolomitsev errusiarrak: Chupacabra, amak umezurztegi batera eraman nahi duen 9 urteko mutiko bati buruzko fikzioa.

Horizontes Latinos sailean, Fernando Valadez mexikarraren lehen film luzea aipatu behar da. Zinema Eraikitzen Industria Saria eskuratu zuen iaz proiektu honekin, eta gaur azken emaitza aurkeztuko du: Sin señas particulares. Magdalena protagonistak AEBko mugarako bidaia egingo du desagertutako bere semearen bila.

Argentinatik, Sol Berruezo Pichon-Riviere zuzendariaren Mamá, mamá, mamá pelikula izango da ikusgai Latinoamerikako zinemaren sailean.

Made in Spain sailean, gainera, Santiago Segurak bere azken pelikula aurkeztuko du: Padre no hay más que uno.