Itxi

Euskal Zinemaren Gala

Euskal zinemak bere burua aldarrikatu du Zinemaldian

eitb.eus

Leer en Castellano

Gala zaindu eta dinamiko batean, Sara Bilbatua casting zuzendariak Zinemira saria jaso du bere ibilbidearen omenez, eta “La noche de…” ETBko saioa ere omendu dute, 25 urte egin baititu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal zinemak, bere txikitik, bere burua aldarrikatu du gaur, asteartearekin, Donostiako Zinemaldian, Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia antzokiak hartu duen Euskal Zinemaren Galan. Jon Maya koreografoak eta Harkaitz Cano idazleak diseinatutako ekitaldi zainduan, dantza eta zuzeneko musika uztartu dira euskal zinemaren aurtengo uztaren errepasoarekin eta nola Sara Bilbatua casting zuzendariak hala “La noche de…” ETBko saioak jasotako omenaldiekin.

Mikel Laboaren kantu zaharrean oinarrituta, Aia Kruse eta Jone Laspiur aktoreek, gaurko ekitaldiaren aurkezleek, euskal zinemaren ahultasun eta hauskortasuna ekarri dute gogora, baina, akaso makaltasun horrexegatik, zinema hori sentikorragoa ez ote den galdetu dute, era berean. Hain zuzen, zailtasunak zailtasun bizirik jarraitzen duen eta babesa merezi duen zinema horren aurtengo emaria errepasatu dute jarraian galan, guztira Zinemaldian ikusgai egongo diren hogeita bat euskal ekoizpenen lagin bat proiektatuta agertokiaren atzeko pantaila erraldoian.   

“La noche de…”k, 25 urte

Jarraian, Galder Perez Radio Euskadiko kazetari eta aktorea igo da Victoria Eugeniako agertokira, “La noche de…” Euskal Telebistako saioak 25 urte (“ia euskal zinema garaikideak bezainbeste”) bete dituela eta, Felix Linares berorren aurpegiarentzat publikoaren txalo zaparrada eskatzeko.

Linaresek “zoriontsu egiten gaituzten pelikulak” ikusten jarraitu ahal izatea opa izan die zinemazaleei bere eserlekutik (inolako kontaktu fisikorik gabeko ekitaldia izan da, ageriko arrazoiak tarteko), txalo artean.

Zinemira saria, Sara Bilbatuarentzat

Eguneko protagonista nagusiak, Sara Bilbatua eibartar casting zuzendariak, Aizpea Goenaga aktore eta zuzendariaren eskutik jaso du Zinemira saria, urtero zinemaren euskal profesional bati bere ibilbidea omentzeko ematen zaion aintzatespena, Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendaria ezin izan baita ekitaldira bertaratu.

Bilbatuak, hunkiturik, eskerrak eman dizkie Donostia Zinemaldiari, Ibaia eta EPE/APV ekoizleen elkarteei, EiTBri eta Zineuskadiri, eta emakumezkoak filmak zuzendu, ekoitzi eta, batik bat, idaztera bultzatu ditu, “gizartea hobetzeko”.

Gainera, eskerrak eman dizkie senideei eta aktore guztiei, “beren lan eta talentua zinez miresten ditudalako”. Bilbatuak Imanol Uribe, Elias Querejeta, Alex Angulo, Juanba Berasategi eta Karmele Soler profesionalen lekukoa hartu du, besteak beste, sariaren palmaresean.

“Bizimina”

Gala bukatzeko, Victoria Eugenia antzokiko argiak amatatutakoan, “Bizimina” zinema dokumentala eta dantza uztartzen dituen 29 minutuko lana proiektatu dute. Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak eta Jon Mayak zuzendu duten lanak “gaur egun hainbeste kostatzen zaizkigun emozioak” erakusten ditu, hainbat pieza independenteren bidez: distantzia, besteen falta sumatzea, grina, komunitate-sentimendua, ezintasuna, isolamendua, nahasmena, itxaropena…

Koreografiak hobeki sentiarazteko eta lagun egiteko balio duen kontakizun bat taxutzen du “Bizimina”, haren egileek azaldu dutenez.

Albisteak (1)

Bideoak (1)