Itxi

69. edizioa

"Maixabel" filma ikusteko aukera egongo da larunbat honetan Zinemaldian, Sail Ofizialaren baitan

EITB Media

Leer en Castellano

Filma irailaren 24an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara, eta Irizar Saria lortzeko bederatzi hautagaietako bat da. Blanca Portillo eta Luis Tosar ditu protagonista, eta Maixabel Lasaren bizipenak kontatzen ditu.

Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko den "Maixabel" filmaren fotograma. Argazkia: Zinemaldia

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 69. edizioaren baitan, Iciar Bollain zinemagileak zuzendutako "Maixabel" filma izango da ikusgai larunbat honetan, irailak 18. Izan ere, hilaren 17tik 25era egingo den Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da, beraz, Urrezko Maskorra irabazteko aukera du.

Zehazki, film luze honek (115 min.) Blanca Portillo eta Luis Tosar ditu protagonista, eta Maixabel Lasaren bizipenak kontatzen ditu. ETAk hildako Juan Mari Jauregui euskal politikariaren alarguna, atentatu horren erantzuleekin hitz egin zuen espetxean. Gauzak horrela, 2011n Langraiz bideak ekarri zituen topaketak dira filmaren ardatza.

EITBren parte-hartzea duen filma irailaren 24an iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara.

Pelikularen lantalde teknikoan daude Alberto Iglesias (musika), Javier Agirre (argazkigintza), Alazne Ameztoy (soinua), Clara Bilbao (jantziak), Karmele Soler (makillajea), Sergio Perez (ile-apainketa) eta Nacho Ruiz Capillas (editatzea), besteak beste.

Horrenbestez, euskal zinemak presentzia nabarmena izango du aurten ere Zinemaldian, 17 ekoizpenekin (13 film, film labur bat, serie bat, produkzio fasean dagoen film bat eta proiektu bat), ondorengo sail hauetan banatuta: Sail Ofiziala, Zabaltegi-Tabakalera, Zinemira, Euskal Zinemako galak eta EiTB, WIP Europa eta Ikusmira Berriak.

Guztira, bederatzi ekoizpen izango dira Irizar Saria lortzeko hautagaiak, besteak beste, "Maixabel" filma.

Testuinguru horretan, "Benediction" eta "Earwig" dira Donostiako Zinemaldian ikusgai izango diren beste film nagusiak.

Hain zuzen ere, Terence Daviesek zuzendutako "Benediction" (137 min.) filmean Jack Lowden, Simon Russell Beale eta Peter Capaldi dira protagonistak. Hala, Zinemaldiko Sail Ofizialean ere lehiatuko den film honek Siegfried Sassoon poeta, idazle eta Lehen Mundu Gerrako soldaduaren historia du ardatz.

Bestalde, "Earwig" filmak (114 min.) Alberten zaintzapean bizi den 10 urteko neskato baten istorioa kontatzen du. Lucile Hadzihalilovicek zuzendu du, eta istorioa Europan kokatzen da, XX. mendearen erdialdean. Paul Hilton, Romola Garai eta Alex Lawther dira film honen protagonistak.

Zinemaldiak beste lan batzuk erakutsiko ditu larunbat honetan, adibidez, "Rosa rosae. Gerra Zibila" (Carlos Saura), "No somos nada" (Javier Corcuera), "Titane" (Julia Ducournau) eta "Pandemic Tour 2020 Belako" (Hernan Zin). Lau areto handiek (Kursaaleko biak, Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia Antzokia) % 50eko edukiera izango dute eta gainerakoek % 60koa.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (2)