Itxi

Elkarrizketa

Maider Oleaga: "Istorio bat kontatzeko beharra badago, berdin du pelikularen tamainak"

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Maider Oleaga zinemagileak "Kuartk Valley" dokumentala estreinatu du Zinemaldian, Kuartangoko (Araba) herritarrek filmatutako western bati buruzko lana.

Maider Oleaga, "Kuartk Valley" dokumentalaren zuzendaria

Bitarteko materialak gorabehera, gogoa eta kemena behar dira, lehenik eta behin, istorio bat kontatzeko. Eta hori sobera agertu zuten José Luis Murga eta Oier Martínez de Santos kuartangarrek aspaldiko ametsa gauzatu eta ia bitartekorik gabe baina auzolanean 2014an "Algo más que morir" westerna estreinatzeko.

Orain, Maider Oleagak (Bilbo, 1976) "Kuartk Valley" pelikula aurkeztuko du Zinemaldian, Kuartangoko herritarrek auzolanean eta bitarteko gutxirekin baina grina handiz egindako westernaren barne istorioa kontatzen duen filma.

Berarekin hitz egin dugu.

Noiz eta nola izan zenuen "Algo más que morir" pelikularen berri?

Behin Kuartangora joan nintzen, zoriz, lagun batzuekin, eta bertan jakin nuen western bat egin zutela herri horretan. Interneten begiratu nuen, eta ikusi nuen "Algo más que morir" egina zutela, diru oso gutxirekin eta herriaren indarrarekin. Orduan pentsatu nuen hor bazegoela dokumental bat, pelikula bat egiteko aukera, istorioa zabaltze aldera.

2014an, Gasteizko Florida zinemetan Kuartangoko herritarrentzat egindako proiekzio pribatu batean pelikula ikusi nuen, eta 2015etik aurrera Kuartangora joaten eta bertako jendea ezagutzen hasi nintzen, dokumentala egiteko proposamena onartu eta gero. Baina 2018ra arte ez ginen filmatzen hasi, tartean "Muga deitzen da pausoa" eta "Iragan gunea. Berlin" proiektuak gurutzatu zitzaizkidalako.

Prozesu luzea izan da, eta oso pozik gaude behingoz estreinatuko dugulako. Istorio txundigarria iruditzen zait, zinemazaleontzat oso istorio berezia da jakitea Arabako bailara batean western bat egin zutela dirurik gabe. Zinemarako pasioa hor dago, eta asko identifikatzen naiz horrekin.

Gainera, garrantzitsua iruditzen zait zelan komunitate osoak laguntzen duen bi gizonen ametsa betetzen. Kolektibitatearen indarra istorioaren erdian dago, eta hori oso erakargarria egin zitzaidan.

'Kuartk Valley'

Zinemazaletasun oso garbia erakusten da pelikulan. Zure esperientziatik, euts dakioke pasio horri proiektuak handitzen diren neurrian ala proiektuen tamainak aldatzen al du pelikulei eta pelikuletatik begiratzeko modua?

Pelikularen tamainak eta aurrekontuak asko baldintzatzen dute sorkuntza prozesua, baina funtsean beti dago gauza bera, proiektua handia edo txikia izan.

Esfortzu oso handia egin behar da pelikula bat aurrera ateratzeko, urte askotakoa, eta horren erdian ez badago istorio bat kontatzeko benetako grina, ez duzu aurrera egiten, ezinezkoa da kemen nahikorik aurkitzea.

Nire esperientziatik behintzat, istorio bat kontatzeko beharra badago, berdin du pelikularen tamainak.

Westernetako konbentzionalismoz jantzita ageri da, keinuka bada ere, "Kuartk Valley". Nola bizi izan duzu zinema egiteko zure modu pertsonalean westernen klixeak zureganatzeko bidea?

Ni zinemazalea naiz zinemagilea baino lehenago. Zinema ikusle gisa maite dut, eta txikitatik ikusi izan ditut Hollywoodeko zinema klasikoa eta generoko filmak. Westerna denbora osoan egon da presente nire bizitzan, eta ez zait arrotza egin.

Prozesuan, gainera, western asko bigarren eta hirugarren aldiz berrikusi eta beste batzuk deskubritu ditut; beraz, asko gozatu dut.

Askotan, gainera, zinema maite dugunok askotan ahal ditugun pelikulak egiten ditugu, nahiz eta buruan beste asko eduki: generokoak, aurrekontu handiagoko filmak… Eta niretzat oso prozesu ederra izan da "Kuartk Valley" egitea eta westernaz ume txikiek bezala disfrutatzea.

Komunitatearen eta auzolanaren gorazarrea ere badago "Kuartk Valley" filmean, indibidualismo basatiaren aroan. Zinemaz gozatzeko modua ere aldatzen ari den garaian, badu zentzurik zinemak komunitaterik, partekatzerik, gabe?

Bai, elkarlanaren indarrak garrantzi handia du filmean, istorioaren berezitasunik aipagarrienetako bat iruditu zitzaidan hasieratik. Niretzat, pelikula bat egitea komunikazio ekintza bat da: beste batek jasotzeko egiten da zinema, eta zinema kulturaren eta gizartearen barruan existitzen da, kolektibitatearen barruan.

Hartara, ez. Nire ustez, ezin da ulertu zinema komunitaterik gabe.

'Kuartk Valley'

Modu ezberdinetan parte hartu duzu Zinemaldian zure ibilbidean zehar: epaimahaikide, filmak erakusten… Zer harreman duzu Zinemaldiarekin?

Oso eskertuta sentitzen naiz. Nire pelikula asko bertan estreinatu dira, eta horrek bultzada handia ematen die filmei.

Ikusle bezala, Zinemaldiak lehen aipatu dugun kolektibitatearen parte sentitzeko aukera ematen dizu, eta horrek poz handia ematen dit. Gustatuko litzaidake urte osoan berdin izatea, baina Zinemaldian, behintzat, jende asko joaten da aretoetara, eta ederra da horrela ikustea.

Argiak itzaltzen dira, pelikula hasten da eta hori da filmak ikusteko modurik onena. Aretoetan, pelikulak beste modu batera entzun eta ikusten dira, horretarako daude eginda. Eta Zinemaldian, gainera, kalitate handiko pelikulak eskaintzen dira, bestela nekez ikus zitezkeenak.

Gainera, profesionalen topagune gisa ere funtzionatzen du, baina funtsa pelikulak ikustea da eta horretarako aukera txundigarriak daude jaialdian.

Film dokumental honetaz gain, bi film labur dituzu prest: "Irrits" eta "Kinka". Zer konta diezagukezu beroriei buruz? Beste zerbaitetan lanean ari zara?

 "Kinka" abenduan filmatu genuen, eta Zineuskadik konfinamenduari buruzko filmak egiteko atera zuen Itxitik deialdiari dagokio. Elena Irureta, Maria Isabel Diaz eta Josean Bengoetxea dira aktoreak, eta itxialdian gertatutako istorio labur bat kontatzen du. Urtea amaitu aurretik estreinatu nahiko genuke.

 "Irrits" abuztuan filmatu berri dugu, Araban. Ekoiztetxeak Galapan eta Sumendi filmak dira honetan ere, "Kinka"n bezala, eta orain hasiko naiz muntatzen. Nerabeen inguruko istorio bat da, eta oso pozik gaude filmazioaren esperientziarekin. Gogo handiz gaude!

Albisteak (1)