69. edizioa
Iciar Bollain zuzendariaren "Maixabel" filmak 2021eko Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi du
A. O. | EITB Media
Epaimahaiak, gainera, aipamen berezia egin dio Maider Oleagaren "Kuartk Valley" lanari, lehen euskal westerna filmatzeko herri oso baten laguntza lortu baitzuen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Icíar Bollain zuzendariaren "Maixabel" filmak 2021eko Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso du larunbat honetan, Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioko itxiera galan, lan horretan egindako neurrizko kontakizunagatik. Film luzea benetako gertaeretan oinarrituta dago.
Film horretan, Maixabel Lasa (Juan Mari Jauregiren alarguna) eta 'Langraiz bidea' deiturikoaren bidez senarraren hilketan zerikusia izan zuen ETAko kidearen arteko bileren "topaketa, elkarrizketa eta erreparazio prozesua" kontatzeko modua txalotu du Aitor Arregi zuzendari eta sari horren epaimahaiburuak.
Horrez gain, Blanca Portillo eta Luis Tosar protagonista dituen film luzean islatzen den "indarkeriaren gaitzespen irmoa" ere nabarmendu du epaimahaiak. Hain zuzen ere, Edurne Portela idazleak eta Arantzazu Calleja konpositoreak osatu dute epaimahaia, Arregirekin batera.
Koldo Zuazua ekoizleak jaso du saria, eta duela hamar urte topaketa zaharberritzaileei ekin zieten "gizon eta emakumeen taldeari" eskaini dio, "bizikidetzaren aldeko apustua" egiteagatik.
EiTBren babesa duen film hau zinema-aretoetara iritsi da dagoeneko, eta lehen asteburu honetan hirugarren pelikula ikusiena izatea lortu du, Zuzuak prentsa-aretoan adierazi duenez. Bere ustez, "oso positiboa" izan da Espainia osoan lortutako erantzuna, Euskal Herrian "gehiegi geolokalizatuko" zen beldur baitzen.
Halaber, pozik agertu da ikuspuntu politikotik ere prentsan "onarpen orokorra" izan duelako, "ezker abertzaletik gertuagoko hedabideetatik hasita, kontserbadoreenetara".
Epaimahaiak, gainera, aipamen berezia egin dio Maider Oleagaren "Kuartk Valley" lanari, lehen euskal westerna filmatzeko herri oso baten laguntza lortu baitzuen.