Kargatzen...
Itxi

70. edizioa

David Cronenbergek ere jasoko du Donostia saria

N. V. | EITB Media

Kanadar zinemagile handiak Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria jasoko du 70. edizio honetan Juliette Binochek bezala.

David Cronenberg. Argazkia: Caitlin Cronenberg.

David Cronenberg kanadar zinema zuzendari eta gidoilariak (Toronto, 1943) Donostia saria jasoko du aurten, Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioan, antolatzaileek gaur iragarri dutenez. Juliette Binoche aktoreari batzen zaio horrela lan durduzagarri azpimarragarriak sinatu dituen zinemagile handia, irailaren 16tik 24ra egingo den jaialdian Donostia saria jasoko dutenen zerrendan.

Cronenbergek irailaren 21ean jasoko du golardoa, Victoria Eugenian, eta ekitaldiaren ondoren Crimes of the future film luzea, bere lanik berriena, proiektatuko dute, zeinak Viggo Mortensen, Léa Seydoux eta Kristen Stewart baititu protagonista eta Canneseko jaialdian lehiatu baitzen oraintsu.

Hogei pelikula baino gehiago zuzendu ditu Cronenbergek, hala nola Scanners, The fly, A history of violence, Eastern promises, Cosmopolis… Orain, Donostia saria jaso duten zinemagileen zerrendan lagun izango ditu Francis Ford Coppola, Woody Allen, Oliver Stone, Agnès Varda, Hirokazu Koreeda eta Costa-Gavras.

Kanadar zinemagilea aktore lanetan ere aritu da beste zuzendari batzuen filmetan: Nightbreed (Clive Barker), To Die For (Gus Van Sant), Extreme Measures (Michael Apted) eta Falling (2020), azken hori, Viggo Mortensen aktore moduan hainbatetan izan duen lagunak zuzendutako lehen filma. 2014an, bere lehen eleberria argitaratu zuen: Consumed: A Novel.

Albisteak (2)