Kargatzen...
Itxi

70. edizioa

Laura Mora, Hong Sang-soo eta Sebastian Lelio, Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehen izenen artean

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

Donostiako nazioarteko zinema jaialdiak sari nagusietarako hautagai izango diren pelikulen multzo bat iragarri du. Lehenago iragarrita zeudenei batu zaizkie, honenbestez, "Suro", "La consagración de la primavera", "La maternal" eta "Girasoles silvestres".

Sebastián Leliok "The wonder" aurkeztuko du Sail Ofizialean

Manuel Abramovich, Christophe Honore, Sebastian Lelio, Diego Lerman, Marco Martins, Laura Mora, Frelle Petersen, Hong Sang-soo, Ulrich Seidl eta Petr Václav zinemagileen azken lanak Zinemaldiaren 70. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko dira irailaren 16tik 24ra. Gainera, Genki Kawamuraren eta Marian Mathiasen lehen filmak ere izango dira atal horretan.

Hala, film horiek guztiak batu zaizkie Zinemaldian Espainiako Estatuko filmak aurkezteko ekitaldian iragarritako filmei; hots, Suro Mikel Gurrea donostiarraren lehen film luzea; La consagración de la primavera (Fernando Franco) Telmo Irureta zumaiarra protagonista duen lana; La maternal (Pilar Palomera) eta Girasoles silvestres (Jaime Rosales).

Manuel Abramovich (Buenos Aires, 1987) zinemagile argentinarra bere laugarren film luzearekin lehiatuko da: Pornomelancolía / Pornomelancholia, sex influencer baten erretratua.

Christophe Honore (Carhaix-Plouguer, 1970) zuzendari frantziarra, Sail Ofizialean La belle personne / The Beautiful Person (2008) eta Non ma fille, tu n'iras pas danser / Making Plans for Lena (2009) erakutsi zituena, berriro lehiatuko da Le Lycéen / Winter Boy aita hil ondoren krisian sartuko den nerabe bati buruzko filmarekin. Aktoreen artean Paul Kircher, Vincent Lacoste eta Juliette Binoche daude.

Genki Kawamurak (Yokohama, 1979) alzheimerra duen emakume baten istorioa kontatzen digu Hyakka / A Hundred Flowers filmaren bidez.

Sebastian Lelio argentinarra (Mendoza, 1974), Gloria (2013) eta Una mujer fantástica / A Fantastic Woman (2017) filmen egilea, Sail Ofizialean estreinatuko da The Wonder lanarekin, XIX. mendearen erdialdean girotuta dagoen obrarekin: Irlandako herri batean, neskato batek hainbat hilabetean iraun du bizirik ezer jan gabe.

Diego Lerman argentinarra (Buenos Aires, 1976) berriz lehiatuko da Zinemaldian, oraingoan, El suplente / The Substitute filmarekin; Buenos Airesko aldirietako irakasle baten jazoerak biltzen ditu egilearen lan berriak.

Marian Mathias (Chicago, 1988) estatubatuarrak bere lehen film luzea aurkeztuko du; Runner filmak AEBetako midwesteko bi gazteren arteko topaketa du kontagai.

Marco Martinsek (Lisboa, 1972), bestalde, immigrazioaren drama jorratzen du Great Yarmouth-Provisional Figures pelikulan.

Laura Mora (Medellin, 1981) kolonbiarra bere bigarren film luzearekin itzuliko da Zinemaldira. Los reyes del mundo / The Kings of the World lana hiriko bost kale-mutil protagonista dituen ipuin subertsibo eta fantastikoa da.

Frelle Petersen (Aabenraa, 1980) zuzendari danimarkarra Resten af livet / Forever lanarekin lehiatuko da Zinemaldian: senar-emazte batzuek eta beraien alabak doluari aurre egin beharko diote.

Hong Sang-soo (Seul, 1960) 2016an Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours (2016) filmarekin zuzendari onenaren Urrezko Maskorra irabazi eta gero, Top / Walk Up filmarekin lehiatuko da aurten.

Bukatzeko, Ulrich Seidl austriarrak (Viena, 1952) Sparta filma jarriko du sarietarako bidean, eta Petr Vaclav (Praga, 1967) txekiarrak Il Boemo ekarriko du, Josef Myslivecek ardatz duen drama biografikoa, 1770eko hamarkadako opera italiarreko konpositore emankorrenetakoa izan zen musikagilea.

Gainera, lehiaketatik kanpo, La (très) grande évasion / Tax Me If You Can filmaren emanaldi berezia eskainiko da. Ekoizpen frantziar horretan, Yannick Kergoatek (Le Raincy, 1962) ihes fiskalaren zirkuituak arakatzen ditu, eskala handiko iruzurraren mekanismoak argitzeaz gain.

Albisteak (3)