Itxi

Zinemaldia 2022

Mariano Biasinen 'Sublime' filmak jasoko du hamargarren Sebastiane Latino saria, Zinemaldian

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Epaimahaiaren iritziz, 2022ko film latinoamerikarren artean sexu- eta genero-aniztasuna ondoen irudikatzen duen filma da, eta horregatik saritu dute. Horizontes Latinos sailean parte hartuko du.

'Sublime' filmak Zinemaldian jasoko du saria. Argazkia: sansebastianfestival.com.

Mariano Biasin zinemagile argentinarrak zuzendutako Sublime filmak Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak ematen duen hamargarren Sebastiane Latino saria jasoko du. Sari-banaketa Zinemaldiaren 70. edizioan egingo dute. Gehitu kolektiboaren iritziz, 2022ko film latinoamerikarren artean, sexu- eta genero-aniztasuna ondoen irudikatzen duen filma da, eta horregatik saritu dute.

Sublime ekoizpen argentinarrak Berlinaleko Generation 14plus sailean parte hartu zuen, eta Mariano Biasin (Buenos Aires, 1980) zuzendariaren lehen film luzea da. Aurten, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartuko du pelikulak, gainera. 16 urteko mutil bat du protagonista, Manuel; Manuelek baxua jotzen du musika-talde batean, eta Felipek, protagonistaren txikitako laguna bera, talde horretan ere jotzen du. Manuel Azulekin ari da irteten, eta harreman bizia du neskarekin, baina, egun batean, zerbait gertatuko zaio Manueli, eta Felipe beste modu batean ikusten hasiko da.

Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak erabakia hartu du kontuan izanik "kolektiboaren borrokak egunerokoan lortu dituen aldaketak islatzen dituen film bat dela", eta filmak "maitasunezko istorio positibo eta bisualki erakargarri bat kontatzen digula erromantizismoa, nerabezaroa, musika, beldurra eta desira elkartuta". Gainera, dio epaimahaiak, "duela urte batzuk filmak amaiera erabat desberdina izango luke".

"Elite telesaila denon ahotan dagoen garai honetan", zehaztu dute, filmak "gogorarazten digu haztea beldurra sentitzean, bizitzari aurre egitean eta ausarta izatean datzala". Halaber, "filmean dena horren era naturalean lantzen denez, azken hamar urteotan zenbat urrats eman ditugun ikus dezakegu".

Iberoamerikako LGTBIQA+ Zinema Jaialdien Topaketa

Gainera, 2015etik, Gehituk eta Donostia Zinemaldiak Iberoamerikako LGTBIQA+ Zinema Jaialdien Topaketa antolatzen laguntzen dute, industriako jarduerak gauzatzen diren egunetan: "Sare-hausnarketarako eta lanerako esparru bat eratzeko asmo argiarekin, topaketak bi helburu ditu: batetik, LGTBIQA+ eskubideen arloan ikus-entzunezkoen sektoreak dituen joerei eta erronkei buruz hausnartzea, mahai-inguruen eta kasu praktikoen azterketaren bidez; eta, bestetik, topaketa Zinemaldian industria akreditaziodunari irekitzea".

Jarduera horien arloan, Zinemaldiak jakitera eman duenez, "irailaren 20an hainbat mahai-inguru egingo dira, Latinoamerikako zinemak dituen erronkei buruz eztabaidatzeko, nola ekoizpenari dagokionez, hala banaketari gagozkiola, generoaz edo sexu-orientazioaz haraindi joan nahi duten eta, aniztasuna nabarmentzeko xedez, arreta kolektibo espezifikoagoetan jartzen ari diren filmen inguruan, dela bizi diren lurraldeari dagokionez, dela dagokien gizarte-klaseaz edo jatorri eta hizkuntzaz ari garela. Gainera, Donostia Zinemaldiaren edizio honetan hautatutako hainbat film baliagarriak dira maskulinitatea ikus-entzunezkoen bitartez esploratzeko", adierazi dute.

Albisteak (6)