Kargatzen...
Itxi

Donostiako Zinemaldia

'La consagración de la primavera' Urrezko Maskorra eta Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko da

O. P. | EITB Media

Leer en Castellano

Fernando Francoren film honetan parte hartu du EITBk. Telmo Irureta zumaiar aktorea da protagonista eta Kowalski Films enpresa donostiarrak ekoitzi du. Zinemaldiaren 70. edizioko 17 euskal ekoizpenetako bat da.

'La consagración de la primavera' filmaren fotograma bat. SSIFF.

Gaur aurkeztu dute Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioan parte hartuko duten euskal ekoizpenen zerrenda osoa.

Horietako bat, Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra eta Euskal Ekoizpenaren Irizar Saria irabazteko hautagaia da. Fernando Francok zuzendutako La consagración de la primavera filma da, Telmo Irureta zumaiar aktorea protagonista duena eta Kowalski Films (Koldo Zuazua) enpresa donostiarrak ekoiztutakoa. EITBren parte-hartzea duen filmetako bat da.

2022ko otsaila eta martxoa bitartean Granadan eta Madrilen filmatu zuten La consagración de la primavera filma, eta honako hauek ditu protagonista: Valèria Sorolla, film luze batean egindako lehen lanean; Telmo Irureta (Robarte una noche, 2018; Nomofobikak, 2017); eta Emma Suárez (Goya sariak emakumezko aktore protagonista onenari El perro del hortelano filmagatik, 1996, eta Julieta, 2016; Goya saria antzeztaldeko emakumezko aktore onenari, La próxima piel filmagatik, 2016; eta Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina, 2020).

La consagración de la primavera Laura (Valèria Sorolla) aurkezten digu, Madrilera heldu berria, Ikastetxe Nagusi batean kokatu eta Kimika ikasteko. Bakarrik eta ia dirurik gabe, bere bizitza unibertsitarioari egokitzen saiatzen da bere segurtasun gabeziari aurre egiten dion bitartean. Gau batean, kasualitatez, David (Telmo Irureta) ezagutuko du, bere amarekin, Isabelekin (Emma Suárez), bizi den garun-paralisia duen mutila. Laurak elkarrekiko konfiantzazko harreman bat hasiko du, bere konplexuak gainditzen eta heldutasunerako etapa berri bati aurre egiten lagunduko diona. Dena posible den bizi-une horri buruzko istorioa da, ustekabeko topaketak bizitza nola alda diezagukeen azaltzen duena.

Irailaren 30ean estreinatuko dute zinema-aretoetan, La Aventura-ren banaketarekin.

Albisteak (2)