Itxi

70. edizioa

Zinemaldiak "epailearen aginduz" soilik egingo lioke uko "Sparta" filma proiektatzeari

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

"Der Spiegel" alemaniar astekariak argitaratu du Ulrick Seidl Sail Ofizialean parte hartuko duen pelikularen zuzendariak ez ziela esan aktore adingabeei pelikulak pedofilia jorratzen duela. Seidlek ukatu egin du informazio hori.

"Sparta" irailaren 18an proiektatuko dute Donostian

Donostiako Zinemaldiko zuzendaritzaren hitzetan, "epaileak hala aginduz gero" soilik egingo liokete uko "programatuta dagoen proiekzio bat", "Sparta" Sail Ofizialean lehiatuko den pelikuarena, egiteari. Ulrich Seidl film horren zuzendariari filmatze lanetan errumaniar adingabeak esplotatzea egotzi diotela eta egin dituzte adierazpenok Donostiako zinema jaialdiaren arduradunek.

"Der Spiegel" astekariaren ikerketa baten arabera, Seidlek nahita ezkutatu zien pelikulan pedofilia jorratzen dela nola adingabeei, filmatzen ari zirenean 9 eta 16 urte artean zituzten aktore ez-profesionalei, hala horien gurasoei.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak adierazi du Zinemaldiak ez duela ahalmenik "pelikula bat nola filmatu den eta filmatze lanetan deliturik egin ote den epaitzeko". Donostiako zinema jaialdiaren 70. edizioa irailaren 16tik 24ra egingo dute.

Rebordinosen esanetan, Zinemaldiko lantaldeak "interesaren eta kalitatearen arabera epaitzen ditu pelikulak, ikusi eta gero", eta "norbaitek delitu bat egon dela badaki, epailearen aurrean esan behar du".

"Epaile batek hala aginduz gero soilik eginigo genioke uko programatuta dagen proiekzio bat egiteari", azpimarratu du.

Alemaniar astekariaren arabera, filmatze lanetan adingabeak alkoholismoaren, indarkeriaren eta biluztasunaren aurrean jarri zituzten, zegokien prestakuntza eta gainbegiradarik gabe.

Halaber, astekariak dioenez, zuzendariak zineman adingabeekin lan egiteko indarrean diren arauak hautsi zituen.

Seidlek informazioa ukatu du

Seidlek akusazioak ukatu ditu, eta adierazi du gurasoak eta adingabeak pelikularen edukiaren jakitun zirela eta esan zietela filmaren kontagaia "umeek erakartzen duten heldu bat" zela eta gizon horrek "aitaren rol moduko bat" bereganatzen duela.

Joera pedofiloak dituen borroka arteen irakasle bati buruzko drama 2018 eta 2019an filmatu zuten, Errumaniako ipar-mendebaldean.

Seidle alemanierazko zinemagile garaikide ezagunenetakoa da, eta Venezian, Cannesen eta Berlinen aurkeztu ditu bere pelikulak, hala nola "Hundstage" (2001), "Import Export" (2007) eta "Paradiez: Liebe".