Itxi

70. edizioa

Zinemaldiak ere itzuli nahi du normaltasun zaharrera

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Azken bi urteetan koronabirusaren doinura dantzan aritu ostean, areto beteak, maskararik gabeko bisaiak eta jaiak bueltan izango dira Donostiako Zinemaldian, gaur hasi eta irailaren 24ra arte. Juliette Binochek eta David Cronenbergek jasoko dituzte Donostia sariak.

Alfonbra gorriak zabalduta daude dagoeneko Donostian. Argazkia: Efe.

"Normaltasun berria" izen gezurtiarekin hitzetik hortzera ibili zen ilusio hori (oraingoz) desagertuta, "normaltasun zaharrera" -hots, ohikora, normaltasunera- itzuliko da Donostiako Zinemaldia gaur, ostiralarekin, hasi eta datorren larunbatera arte. 2019tik lehenengoz, areto beteak eta harridura, beldurra eta barregura adierazten dituzten keinuak ikusiko ditugu zinemetan eserleku hutsen barrerarik gabe.

70 urte beteko ditu Donostiako zinema jaialdiak aurten, eta bi izar handik argituko dute, besteak beste, topagunearen edizio biribil hau. Hain zuzen ere, Juliette Binoche frantses aktoreak eta David Cronenberg kanadar zuzendariak edizio honetako Donostia sariak jasoko dituzte, igandean (22:00) eta asteazkenean (22:30) hurrenez hurren, eitb.eus-ek eta ETBk zuzenean eskainiko dituzten galetan.

Euskal zinema

Urrezko eta Zilarrezko Maskorren bidean, Sail Ofizialean, bi euskal film ikusi ahalko dira aurten, bata, katalanez eta bestea, gaztelaniaz: Suro Mikel Gurrearen lehen film luzea eta La consagración de la primavera euskal koprodukzioa. Azken drama horrek Telmo Irureta du protagonista, eta bi filmek ETBren parte-hartzea dute. Horiez gain, izen ezagunak izango dira sail nagusian, hala nola Jaime Rosales, Pilar Palomero, Ulrich Seidl (polemika zabaldu duen Sparta filmarekin), Sebastian Lelio, Hong Sangsoo…

Euskal zinema beste sail askotan ere izango da, esaterako, New Directorsen (A los libros y a las mujeres canto Maria Elorzaren dokumentala), Zabaltegi Tabakaleran (Cuerdas Estibaliz Urresolaren film laburra eta Hirugarren koadernoa Lur Olaizolarena) eta Belodromoko emanaldietan, azken hori, Black Is Beltza 2: Ainhoa Fermin Muguruzaren animaziozko pelikularen eskutik, irailaren 23an.

Horiez gain, El vasco (Jabi Elortegi), Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua), 918 gau, Bi arnas (Jon Mikel Fernandez), Gesto (Xuban Intxausti), Karpeta urdinak (Ander Iriarte), My way out (Izaskun Arandia), Contadores (Irati Gorostidi), Fe (Maider Fernandez), Hemen bizi da maitasuna (Ainhoa Olaso eta Enara Garcia), Irrits (Maider Oleaga), Lanbroa (Aitzol Saratxaga) euskal filmak ere ikusi ahalko dira hurrengo larunbatera arte Donostiako zinema aretoetan, baita Erro bi (Nagore Muriel) eta Noizko basoa (Mikele Landa) ere Nest zinema ikasleen atalean.

Izarren dirdira

Ohi bezala, ez da faltako izen handirik Donostiako Zinemaldian, eta, okerrik ezean, gure artean izango ditugu, alfonbra gorrian hara-hona, Penelope Cruz, Ricardo Darin, Diane Kruger, Noemie Merlant, Liam Neeson, Olivia Wilde, Dardenne anaiak, Claire Denis, Carla Simon, Neil Jordan eta abar.

Azken egunean ikusi ahalko den film sorpresa ere, halaber, izen handi baten eskutik iritsiko da Zinemaldira, Jose Luis Rebordinos zuzendariak EITBri aurreratu dionez.

Galak zuzenean EITBn

Ohi bezala, EITBk jarraipen zabala egingo dio Donostiako Zinemaldiari webgunean, irratietan eta telebistan. Elkarrizketa, kritika, erreportaje, bideo eta argazkiak ugari izango dira, eta galak zuzen-zuzenean jarraitu ahalko dira, irekiera-itxieretakoak, Donostia saria ematekoak eta Euskal Zinemaren Gala.

Albisteak (3)