Itxi

70. Zinemaldia

Hasi da normaltasunaren Zinemaldia, Donostiara azken hamarkadako zinema mailarik altuena ekarriko duena

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Bueltan dira pilaketak Donostiako Zinemaldiko aretoetan. 70. jaialdiari hasiera eman dion inaugurazio ekitaldian “zorionak zuri” abestu diote. Behin sail guztiak aurkeztuta, zinemaren ordua heldu da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Normaltasunera itzuli da Zinemaldia, ohiko inaugurazio gala batekin, Kursaalean. Iraganera begiratu dute, jaialdiaren historiara, 70. edizio borobilari aurre egiteko. Aurten, gainera, azken hamarkadako zinema mailarik altuena espero da.

Loreto Mauleon aktoreak eta Paco Leon aktore eta zuzendariak murrizketarik eta maskararik gabeko gala aurkeztu dute. 17 film izango dira Urrezko Maskorraren lehian, pantailan ikusi ahal izango diren euskal ekoizpenen kopuru bera. Horietatik, hainbat sailetan banatuta, euskal film onenaren Irizar sarirako lehiatuko dira. Izar askoren artean, Juliete Binoche eta David Cronenberg izango dira Gipuzkoako hiriburuan, merezitako Donostia sariak jasotzeko.

Jose Luis Rebordinos zuzendariaren hitzetan, azken hamarkadako maila handieneko Zinemaldia izango da, eta horrekk ekarriko duenari begiratu aurretik, Mauleonek eta Leonek iraganari bota diote begirada; jaialdiaren lehen edizioari, hain zuzen.

1953an, hitzordu hartan parte hartu zuten lau emakume igo dira agertokira. Argi geratu zaigu Zinemaldiaren bilakaera ikaragarria. Jaialdi txiki hori munduko garrantzitsuenen artean dago gaur egun, eta hazten jarraitzen du.

Orain dela zazpi hamarkada, arku eta ezpata dantzen artean hartzen zituzten lau emakume horiek. Gaur, txalo zaparrada hunkigarria jaso dute Kursaalean.

Edurne Ormazabal Tabakalerako egungo zuzendari nagusiak Zinemaldiko agertokiko aurpegi ezaguna izan da urte askotan, eta jaialdia irudikatzera deitzen gaituen Tabakalerako erakusketa aurkeztu du. "Ametsik onenetan ere ez nuen horrelako Zinemaldia imajinatuko", esan du.

Antoinette Boulat, Tea Linderburg, Rosa Montero, Lemohang Jeremiah Mosese eta Hlynur Palmason, Matias Mosteirin ekoizle argentinarra buru dutela, 70. edizioko Epaimahai Ofizialeko kideak dira. Eztabaida asko izan ondoren, edo agian behar hori gabe, hemendik astebetera banatuko diren urrezko eta zilarrezko maskorrak zein filmek eta artistak merezi duten erabakitzea egokitu zaie.

Mosteirinek askatasuna, kontraesana eta desberdintasunean ere hitz egiteko gaitasuna ospatzeko deia egin du, "jarrera zurrun eta hutseko mundu baten aurrean". "Zinema ahots anitz horiek dira, mundua ikusteko moduak, zuri-beltzean, koloretan, isilik edo burrunban", amaitu du.

Mikel Erentxun eta Rocio Marquez eta Bronquio musikariek ere hartu dute parte galan, eta Fipresci Sari Nagusia Ryûsuke Hamaguchi japoniarrari emateko ere balio izan du, Drive my car filmagatik. Ostean, lehiaketatik kanpoko Modelo 77 filmea proiektatu dute.

Gaurtik aurrera, Kursaaleko publikoak Zinemaldiaren 70. urtebetetzean "zorionak zuri" abestu ondoren, donostiarrek eta hamaika bisitarik aukera izango dute zinemagileen eta norberaren begirada ezezagunekin partekatzeko, areto ilun batean. Non aukeratu egongo da.

Bideoak (3)

Galeriak (1)