Itxi

Donostia Saria

Binochek, malkoei ezin eutsita, "konpartitutako isiltasuna" goraipatu du Donostia Saria jasotzean

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Isiltasuna bidelagun izan duela azpimarratu du aktore frantziarrak, Zinemaldiko ohorezko golardoa jasotzeko ekitaldian. "Isiltasunik gabe ez dago hitzik ezta espiriturik ere", esan du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Juliette Binoche aktoreak bere ibilbidean zehar bidelagun izan duen isiltasuna goraipatu du Donostia Saria jasotzeko ekitaldian: "Isiltasunik gabe ez dago hitzik ezta espiriturik ere". Oso hunkituta agertu da Donostiako agertokian, eta ezin izan die malkoei eutsi.

Senideek, gertukoek eta lankideek erakutsitako eta emandako guztiari eskerrak eman dizkie Binochek, baina guztiaren gainetik isiltasuna jarri du. Esan duenez, isiltasunak ematen duen "indarrean" topatzen ditu "sentsazioak eta emozioak".

Donostiako zinemazaleei lezioa eman die Binochek, eta, nolabait, bere begiradaren argiaren sekretua argitu du: "Isiltasunik gabe ez dago hitzik ezta espiriturik". Isiltasun hori, gainera, zuzendariekin, beste aktoreekin eta zinema munduko lankideekin konpartitzearen garrantzia azpimarratu du frantziarrak. Izan ere, horrela "urrezko hari bat ehuntzen da eta hori pelikula bilakatzen da".

Poesiaz betetako hitzaldi labur baina hunkigarria bukatzeko, eskerrak eman dizkio euskaraz Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariari, eta gaztelaniaz Isabel Coixeti. Zuzendari kataluniarrak, izan ere, golardoa eman dio.

Isabel Coixet eta Juliette Binoche. Argazkia: EFE

Coixetek Binocheren bere jarraitzaile guztiek dakitena berretsi du: "Egia da aurpegitik argia dariola, oso eskuzabala, pelikula berarekin egiten duten guztiak bustitzen dituena. Bere pertsonaia guztiak erabat desberdinak dira, baina argi arraro eta aparteko horrek jo ditu".

Kataluniarra gustura geratu da "ezagutzen dudan emakumerik basatiena eta askeena" deskribatzean: "Juliette ume bat eta oso atso jakintsua da. Animalia basatia da eta hontz pausatua da. Aingira da, eta lehoi bat da, eta ate bat da, eta leiho bat da, eta zubi bat da, eta bide bat da, eta gotorleku bat da, eta basoko txabola bat da, eta basoa bera da, eta izarrez betetako baso horretako zerua da".

Eneko Sagardoy aurkezleak gogorarazi duenez, bere historian 70 ohorezko sari banatuta heldu da Zinemaldia bere 70. kapitulura. Gaur, Juliette Binoche "klub esklusibo" horri batu zaio.

Juliette Binoche. Argazkia: EFE

Bideoak (1)