Itxi

71. edizioa

Zinemaldiak atzera begirako zikloa eskainiko dio Hiroshi Teshigahara japoniar zuzendariari

N. V. | EITB Media

Leer en Castellano

"1960ko hamarkadako zinema japoniarraren ezinbesteko egilea" da, Donostiako zinema jaialditik azaldu dutenez. Haren filmografia osoa proiektatuko dute Zinemaldiaren 71. edizioan.  

"Suna no onna" filmaren fotograma bat

Donostiako Zinemaldiak Hiroshi Teshigahara japoniar zuzendariari (1927-2001) eskainiko dio zinema klasikoko atzerabegirakoa, irailaren 22tik 30era egingo duen 71. edizioan.

Teshigahara "1960ko hamarkadako zinema japoniarraren ezinbesteko egile bat da, poetika esperimentaleko film sorta bati eta Kobo Abe idazlearekin egin zuen elkarlan luzeari esker", Donostiako topaguneak ohar batean azaldu duenez.

Haren lehen film laburra, Hokusai, 1953koa da, eta bere lehen film luzea, Otoshi-ana / The Trap, 1962koa.

Suna no onna (1964) haren filmak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Cannesen, eta zuzendari onenaren eta atzerriko film onenaren Oscar sarietarako izendatu zuten film horrengatik berarengatik.

Teshigahara zinemagilea izan zen, baita lore apainketaren arte japoniarreko (ikebana) maisua ere. 1980tik hil zen arte, Ikebana Sogetsu eskola zuzendu zuen, haren aitak sortu zuena, eta The Art of Ikebana (1997) liburua argitaratu zuen.

Zikloa osatzeko, Inuhiko Yomotaren Crónicas de vanguardia. Conversaciones con Hiroshi Teshigahara liburua argitaratuko du Zinemaldiak, gaztelaniaz.

Datorren urtean, Italiako polizia zinema

Bestalde, Zinemaldiak iragarri du poliziesco-ari, Italiako polizia zinemari, eskainiko diola 2024ko atzera begirako zikloetako bat.