71. edizioa
Bi euskal zuzendari, Zinemaldiko Sail Ofizialean
N. V. | EITB Media
Jaione Cambordak "O corno" film galiziarra aurkeztuko du Urrezko Maskorrerako lehian, eta Isabel Herguerak, "Sultanaren ametsa" animaziozko ipuin feminista. "Mamantula" eta "Contadores" filmak Zabaltegi-Tabakalera sailean ikusiko dira.
Jaione Camborda eta Isabel Herguera donostiar zinemagileek beren film berriak aurkeztuko dituzte Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, jaialdiak irailaren 22tik 30era Gipuzkoako hiriburuan ikusgai egongo diren Estatuko pelikulak aurkezteko egin duen ekitaldian iragarri dutenez.
Isabel Herguera "Sultanaren ametsa" EITBren parte-hartzea duen animaziozko filmarekin lehiatuko da Urrezko Maskorraren eta gainerako sari nagusien bila. Pelikulan, Ines animaziozko zinemako zuzendaria Ahmedabaden dago, Amar indiar maitalearekin harremana eteteko asmoz. Halako batean, "Sultana's dream" Rokeya Hossainek idatzitako eleberria aurkituko du kasualitatez liburu denda batean, eta emakumeek gobernatutako herrialde baten istorioak liluratuta utziko du. Inesek pelikula bat egitea deliberatuko du orduan, eta Inesen eta Rokeya Hossainen istorioak elkarrekin paraleloan mugituko dira.
Jaione Cambordak, bestalde, "O corno" eramango du Zinemaldiko Sail Ofizialera, Galizian galizieraz filmatutako pelikula, "Arima" donostiar zuzendariaren debutaren ondoren datorrena.
"O corno" ("Adarra") Galiziako landa eremuan girotuta dago, 1970eko hamarkadaren hasieran. Emagin batek Portugalera ihes egin beharko du, kontrabandistek erabiltzen zuten bide batetik.
Jaione Camborda, 'O corno' filmatzen. Argazkia: Mario Llano.
Halaber, Isabel Coixet zuzendari katalana ere izango da Sail Ofizialean, gaurko ekitaldian jakin dugunez. "Un amor" Sara Mesa sevillarraren eleberriaren egokitzapena aurkeztuko du Coixetek, eta Herguerari, Cambordari eta aurrekoan Zinemaldiak iragarritako lehen izenei batu zaie Sail Ofizialean izango diren zuzendarien zerrendan.
Zabaltegi-Tabakalera
Horrez gain, Zabaltegi Tabakalera sailean ere izango dira euskal ekoizpenak, biak Señor y Señora donostiar ekoiztetxearen eskutik: "Mamantula" Ion de Sosaren film ertaina eta "Contadores" Irati Gorostidiren film laburra, EITBren parte-hartzea duena.
Zabaltegi-Tabakalera Donostia Zinemaldiko lehiazko sailen artean irekiena da, ez baitu, estiloari edo denborari dagokionez, inolako arau edo mugarik. Epaimahai batek ebazten du zein den irabazlea, eta 20.000 euroko saria du.
Lehiatik kanpo
Sail Ofizialean izango dira, halaber, baina lehiatik kanpo, "La mesias" Javier Ambrossi eta Javier Calvo Los Javisen zazpi ataleko telesaila eta "They shot the piano player" Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen animaziozko film berria, emanaldi berezi gisa. Azken horren narratzailea Jeff Goldblum da, eta artista askoren musika entzuten da, hala nola Caetano Veloso, Antonio Carlos Jobim, Joao Donato, Bill Evans…
Belodromoan, bestalde, bi telesail estreinatuko dituzte: "Esta ambicion desmedida" C. Tangana musikariaren birari buruzkoa eta "El otro lado" beldurrezko telesaila.