71. Zinemaldia
"Zine bakanala" hasi da Donostian, Miyazakiri ohorezko saria emanda
M. D. | EITB Media
Zazpigarren artea protagonista nagusia da Donostian. 684 proiekzio hartuko ditu Gipuzkoako hiriburuak, lehiaketa ofizialetik haratago. Izarrak ere izango dira, Hollywoodeko aktoreen greba gorabehera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
71. Zinemaldia protagonista da dagoeneko Donostiako zineetan, Kursaaleko inaugurazio galak hasiera eman ondoren. Eva Hachek (euskaraz ere bai) eta Gorka Otxoak gidatu dute ekitaldia, eta Audienceren musikak zuzenean girotu du. Gaua, gainera, Hayao Miyazakiri 2023ko lehen Donostia Saria emateko baliatu dute.
Galan zehar, aurkezleek zinema arte eta industria gisa defendatu dute; izan ere, "film bat egiteak diru asko balio du, baina soldatak eta zergak ere ordaintzen ditu, eta ekoizpen ehuna sortzen du", eta irtenbide bat eskatu dute adimen artifizialaren garapenak zinemagileen lan artistikoarekin amaitu aurretik.
Eva Hache eta Gorka Otxoa. Argazkia: EFE
Aurten bi euskal film izango dira Zinemaldiaren bihotzean, Sail Ofizialean, lehiatuko diren 16 pelikulen artean: Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa animazioa eta Jaione Camborda donostiarraren O corno.
2023ko Urrezko Maskorra norentzat izango den erabakiko duen epaimahaiak Claire Denis du buru. "Erronka handia" da berarentzat. Kursaaleko aurkezpenean azpimarratu duenez, lehiaketa ez da jaialdiko gauzarik garrantzitsuena, eta epaimahaia "zinemaren aldeko konpromisoak" mugituko du.
Beste izar batzuek Zinemaldiko gainerako sailak aurkeztu dituzte, baina Donostian ez dago Hollywoodeko aktorerik, grebaren ondorioz. Hain zuzen ere, greba horrek Donostia Saria jasotzea eragotzi dio Javier Bardemi. Beraz, Victor Ericek bakarrik jasoko du saria ohorezko gala batean, inaugurazio ekitaldia baliatu dutelako Hayao Miyazaki zuzendari japoniarrari berea emateko.
Hala ere, Miyazaki ez da hitzordura joan, eta Tokioko bere etxetik eman ditu eskerrak, Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria aurrean zuela. Studio Ghibliren animaziozko zinta handien egileak ez du horrelako bideorik grabatzeko ohiturarik, eta Donostiako publikoari eskatu die ez dezatela telefono mugikorrekin grabatu eta, guri, ez dezagula erreproduzitu, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak adierazi duenez.
Kimitachi wa Do Ikiruka (Mutikoa eta koartza) Miyazakiren azken filmak, Zinemaldia inauguratu du, jaialdiaren ostean. Sail Ofizialean dago, baina ez du lehiaketan parte hartzen.
Bestalde, Aki Kaurismäkik kritikarien FIPRESCI saria jaso du Fallen leaves bere azken lanagatik. Saria hiru aldiz irabazi duen zuzendari bakarra da, Paul Thomas Andersonekin batera. Finlandiarra ere ez da Gipuzkoako hiriburura etorri, eta Stefan Schmitz Avalon ekoiztetxeko zuzendari nagusiak jaso du. Bere ahotan, film berria "betiko baina inoiz ez bezalako Kaurismäki bat" da.
Euskal zinema
Sail nagusian ez ezik, Zinemaldiko beste atal batzuetan ere izango dira euskal filmak. Zabaltegi-Tabakalera begirada eta molde berriak bilatzen dituen sailean, esaterako, bi euskal film lehiatuko dira: Contadores Irati Gorostidiren film laburra eta Mamántula Ion de Sosa donostiarraren film ertaina.
Horiez gain, ikusgai egongo dira, besteak beste, Bizkarsoro eta Mirande Josu Martinezen filmak, Bidasoa 2018-2023 Fermin Muguruzaren dokumentala, Misión a Marte, Irati eta 20.000 especies de abejas sarituak eta Arnasa betean (Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufia), euskal emakume zinemagileen lekukotasunak batzen dituen dokumentala.
Euskal Zinemaren Galan, Paco Sagarzazu aktoreak Zinemira saria jasoko du bere ibilbide osoaren omenez. Gainera, Estibaliz Urresolak EITB Saria: Egile Berriak saria jasoko du EITBren eskutik, 20.000 especies de abejas bere lehen filmak izan duen oihartzunaren omenez.