Itxi

Zinemaldia

Jean Renok eta Santiago Segurak irekiko dute 'Culinary Zinema' saila

Zinema eta gastronomia uztartzen dituen saila bigarren urtez egingo dute. Emanaldi bakoitzaren ondoren, afari tematikoak izango dira, sukaldari eta jatetxe garrantzitsuenetakoek prestatuta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Basque Culinary Centerrek, Donostia Zinemaldiak e ta Berlingo nazioarteko zinema-jaialdiak Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia sailaren programazioa aurkeztu dute gaur, abuztuak 3. Prentsaurrekoan izan dira Thomas Struck, Berlingo zinema-jaialdiko Culinary Cinema saileko arduraduna, Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria, eta José Luis Rebordinos, Donostia Zinemaldiko zuzendaria.

Jakinarazi dutenez, Jean Renok ("Comme un chef" pelikularen protagonista) eta Santiago Segurak irekiko dute saila.

Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia sailaren lehendabiziko edizioak oso harrera ona izan zuen iaz. Arrakasta hori ikusirik, Donostia Zinemaldiaren 60. edizioak gastronomia hizpide duten zazpi luzemetrai eta laburmetrai bat programatu ditu. Emanaldi bakoitzaren ondoren, afari tematikoak izango dira, sukaldari eta jatetxe garrantzitsuenetakoek prestatuta.

Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia» saila Donostia Zinemaldiaren, Berlingo nazioarteko zinema-jaialdiaren eta Basque Culinary Centerren arteko lankidetza da. Helburua zinema eta gastronomia elkartzea da, kontuan izanda, batetik, Donostia Zinemaldia FIAPFen kategoria goreneko lehiaketa-jaialdia dela, eta, bestetik, metro koadroko Michelin izar gehien dituen lurraldea dela.

Aurten, zortzi film programatu dituzte: sei film luze eta film labur bat estreinatuko dira, eta Gabriel Axelen Babettes gaestebud (1987) filma berreskuratuko da. Film horrek atzerriko film onenaren Oscar saria irabazi zuen 1988an.


Culinary Zinema sailaren programazioa:

 

Irailak 22 (Basque Culinary Centerren, Donostiako Xarma jatetxeko Aizpea Oihaneder eta Xabi Díezekin eta Tolosako Frontón jatetxeko Roberto Ruizekin)
COMME UN CHEF, Daniel Cohen (Frantzia)
INAUGURAZIOA
Alexandre Vauclair chef izarra ez da ondo moldatzen jatetxearen jabe den enpresaren zuzendaritza berriarekin; izan ere, sukaldaritza molekular berriaren aldeko apustua egin nahi dute zuzendari berriek. Vauclair etsipenak jota dago. Ez daki zer ipini kritikari gastronomikoek puntuatuko duten menu berrian. Alexandrek inspirazioa behar du, bai eta laguntzaile berri bat ere. Orduan, Jacky ezagutuko du, goi-sukaldaritzaren zale amorratua: autodidakta, burugogorra eta talentu handikoa.


Irailak 23 (ni neu jatetxean,Mikel Gallorekin)
ENTRE LES BRAS, Paul Lacoste (Frantzia)
Michel Bras chef frantsesak, hiru Michelin izar dituenak, Aubrac eskualdearen bihotzean daukan jatetxea bere seme Sébastieni oinordetzan uztea erabakiko du 2009an. Aita-semeek beren ibilbidetako une erabakigarri bat izango dute aurrez aurre: posible al da bizitza osoko lana beste norbaiti uztea? Posible al da semeak izen ona bere kabuz bakarrik lortzea? Dokumental honek familia bateko hiru belaunaldiren historia kontatzen du, baita aitak semeari pasatzen dion sukaldaritzako jakintza ere.


Irailak 24 (Uliako behatokia, Mirador de Ulía jatetxeko Rubén Trincadorekin eta Mexiko Hiriko Biko jatetxeko Bruno Oteizarekin)
LUPE EL DE LA VACA, Blanca Aguerre (Mexiko)
«Lupe el de la vaca» pertsonaia bitxi baten izena da; ez dugu inoiz ikusiko, baina dokumental honi izena emango dio. Sierra del Tigreko (Jalisco) komunitate bateko pertsonengana hurbiltzeko aitzakia ludikoa izango da, bai eta Mexikon landa-giroan bizirauteari buruz hitz egiteko ere. Egiten dutena maite duten landako langileei egindako omenaldi soila eta zintzoa.


Irailak 25 (Illarran, Josean Eizmendirekin)
JERUSALEM ON A PLATE, James Nutt (Erresuma Batua)
Yotam Ottolenghi sona handiko chefa da nazioartean. Sorterrira itzuliko da, Jerusalemera, ezohiko aberastasuna eta dibertsitatea dituen kulturaren altxor ezkutuak aurkitzera. Arabiarrekin eta judutarrekin arituko da sukaldean; dela jatetxeetan, dela etxeetan. Hala, ehunka urtetako tradizioa ezagutu, hiria definitzen duten platerak sortu, eta bere aho-sabaian eragina izan duten zaporeak eta errezetak aztertuko ditu.


Irailak 27 ( Iñigo Lavadoren jatetxean (Irunen) Iñigo Lavadorekin)
LES SAVEURS DU PALAIS, Christian Vincent (Frantzia)
Hortense Laborie, Périgordeko chef ezaguna, zur eta lur dago: Errepublikako presidenteak bere chef partikular izendatu du eta, aurrerantzean, Eliseo jauregian egiten dituen bazkari pribatu guztiez arduratu beharko du. Sukaldeko langile askoren jeloskortasuna eta inbidiak gorabehera, Hortensek berehala lortuko du guztien errespetua, bere talentuari esker. Bere plateren autentikotasunak liluratu egingo du presidentea, baina boterearen pasilloak tranpaz josita egongo dira. François Mitterranden sukaldari pribatuaren benetako istorio berezian oinarritua.


Irailak 27 (Bokado Aquariumen, Mikel Santamaríarekin)
BABETTES GAESTEBUD, Gabriel Axel (Danimarka)
Zinema gastronomikoaren klasiko ukaezina kopia digitalizatuan eta zaharberrituan; Isaak Dinesen idazlearen eleberrian oinarritutako istorio honek Stéphane Audran du protagonista. Puritanismoa nagusi den Danimarkako herrixka urrun batean, bi ahizpa ezkongabek aspaldiko gazteria ekarriko dute gogora nostalgiaz, bai eta poztasuna zapuztu zieten hezkuntza zurruna ere. Halako batean, Babette agertuko da Paris aldetik, Izualditik ihesi. Eta bi ahizpen bizitzak aldatuko ditu. Ontasunez eta berotasunez hartuko dute iritsi berria; ordainetan, frantziarrak sekulako afaria prestatuko die, Frantziako gastronomiako plater eta ardo onenekin.


Irailak 28
(Basque Culinary Centerren, Madrilgo Nikkei 225 jatetxeko Luis Arévalorekin)
PERÚ SABE: LA COCINA, ARMA SOCIAL, Jesús M. Santos (Peru-Espainia)
Peruko gastronomia herrialdearen ikur nagusi bilakatu da, bai eta erreferente ere nazioartean, herrialde horretako kultura, biodibertsitatea eta mestizajea direla-eta. Hamarka mila gazte jarraitzaile sutsu dauzka. Dokumental honetan, Ferran Adrià eta Gastón Acurio Perun barrena ibiliko dira (Cuzco, Iquitos, Lima, Arequipa, erdialdeko mendilerroa, Piura, Pisco¿). Sukaldariekin hitz egingo dute eta milaka gazterekin bilduko dira fenomenoa ulertzeko. Sukaldaritza arma sozial gisa: Limako auzorik pobreenean dagoen Pachacútec ikastetxea da horren ikur.


Irailak 28

KITCHEN DREAMS, Felipe Ugarte (film laburra) (Espainia)
Naia zortzi urteko neska koskorra da, eta jostailuzko sukaldearekin jolastea gustatzen zaio: «Sukaldean ibiltzea gustatzen zait, oso ondo pasatzen baitut». Handitan, sukaldari izan nahi du, eta gauean, oheratzen denean, begiak itxi eta sukaldean ibiltzea zenbat duen gustuko pentsatzen du. Orduan, ametsek mundu magiko batera eramango dute; bertan, bere nahiak errealitate bilakatuko dira.

Albisteak (1)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)