Itxi

Jarraipen zabala

eitb.com-ek zuzenean emango ditu Zinemaldiko galak

Erredakzioa

EITBk eta Donostiako Zinemaldiak hitzarmena berritu dute. Zinemira saila babesteaz gain, eta ''Gernika bajo las bombas'' (''Gernika bonba pean'') aurre-estreinatuko du EITBk aurtengo edizioan.

Jose Luis Rebordinos eta Alberto Surio. Argazkia: EITB

Irailaren 21etik 29ra bitartean egingo dute Zinemaldiaren 60. edizioa, eta eitb.com-ek tarte zabala eskainiko dio jaialdiri. Halaber, zuzenean emango ditu aurtengo edizioko gala guztiak.

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak eta Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak EITB eta Zinemaldiaren arteko lankidetza berritu dute, ostegun honetan, hitzarmena sinatuz. Beste behin, EITBk oihartzun zabala emango dio aurten 60 urte betetzen dituen Zinemaldiari, eta Zinemaldian ere leku zabala izango du EITBk.

Euskal Irrati Telebistak Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren berri emango du, ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea eta eitb.com-en. Ekitaldi nagusiek oihartzun eta tarte zabala izango dute EITBn, irailaren 21ean izango den irekiera ekitaldiarekin hasiz. Izan ere, ETB-1ek zuzenean eskainiko du ekitaldia.

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegien edizio guztietan eta 'Euskadi Directo'n zinema-jaialdiari tarte berezia eskainiko diote. Elkarrizketa, erreportaje eta zuzenekoak eskainiko dituzte. Ekitaldiak izaten diren tokiekin konexioak egingo dituzte zuzenean eta erreportaje zabalak prestatuko dituzte.

Zinemaldiaren inguruko edukiak telebistako beste saioen bitartez ere zabalduko dira, eta Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ere adi-adi jarraituko dute egun hauetan Donostian gertatuko den guztia.

EITB, Zinemaldian emango diren zenbait filmen babesle

Zinemaldiko Zinemira sailaren babesle eta bultzatzaile bada EITB. Gainera, ETBk Zinemaldian aurkeztuko diren hainbat euskal produkziotan parte hartu du.
Zinemiran emango dira film hauetatik bost: Pura vida, En un paisaje imaginado (Irudikatutako paisaia), Leku hutsak, hitz beteak; Camera obscura eta Aita, zonbi bat naiz. Horrez gain, Zabaltegin Baztan, Bypas eta Zuloak eskainiko dira; Zuzendari berriak atalean Chaika, eta Made in Spain atalean 30 años de oscuridad.

Gernika bajo las bombasen (Gernika bonben pean) aurre-estreinaldia
Gernika bajo las bombas (Gernika bonba pean) Luis Mariasek zuzendutako tv movie-a aurtengo Zinemaldian estreinatuko da irailaren 25ean. Horren ondotik, prest izango da telebistaz emateko.

Gernika bajo las bombas (Gernika bonba pean) lanak elkarren artean lotura duten hainbat istorio kontatuko ditu. Istorioetako batzuk benetako pertsonaia historikoak dituzte oinarri; beste batzuk, berriz, fikziozkoak. Kontakizun anitz hauen lotura, Gernikako herriak 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioarengandik jasandako eraso ikaragarria da.

Aktore taldean, Marc Clotet, Aitor Mazo, Lander Otaola, Teresa Calo, Egoitz Sanchez, Sara Casasnovas, Roberto Alvarez, Antonio Dechente, Pep Tosar eta Ramon Bareak hartu dute parte. Une eta garai zehatz hartako Gernikako gizartearen isla izan nahi du lan honek. Horrez gain, gerrak uzten dituen ondorioen historia unibertsala ere izan nahi du.

Albisteak (1)

Informazio gehiago (1)