72. edizioa
Cate Blanchett, Zinemaldiko kartelaren protagonista eta aurtengo lehenengo Donostia sariduna
N. V. | EITB Media
Bi Oscar sari irabazi dituen australiar aktore eta ekoizleak jasoko du Donostiako jaialdiak ematen duen sari garrantzitsuenetako bat.
Cate Blanchett aktore eta ekoizleak (Tár, Carol, Blue Jasmine, Babel...) Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioko Donostia sarietako bat jasoko du. Gainera, bera da Zinemaldiaren kartel ofizialeko protagonista; José Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak sortu du irudia, Gustavo Papaleoren argazki batetik abiatuta.
Blanchettek bi Oscar sari, Veneziako bi Volpi Kopa, lau Bafta sari, lau Urrezko Globo, eta ohorezko César eta Goya bana ditu, eta lehen mailako zuzendari askorekin lan egindaka da, hala nola Martin Scorsese, Terrence Malick, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Sally Potter, Wes Anderson, Alfonso Cuarón, Alejandro G. Iñarritu, Woody Allen, Gillian Armstrong, Taika Waititi, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Jim Jarmusch, Guillermo del Toro, Adam McKay eta Todd Field.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak ez du argitu Blanchettek noiz jasoko duen Donostia saria. Dena dela, gogora ekarri du Javier Bardemek iaz Hollywoodeko aktoreen greba zela eta jaso ezin izan zuen saria hartuko duela, azkenean, irailaren 20an, inaugurazio ekitaldian.