New Directors
Hamaika zinemagilek beren lehen edo bigarren film luzeak erakutsiko dituzte Zinemaldiko New Directors sailean
N. V. | EITB Media
Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak esan du "inoiz generoko zinema gehien izan duen Zinemaldia" izango dela aurtengoa. David Perez Sañudo euskal zinemagileak "Azken erromantikoak" aurkeztuko du sail horretan.
Hamaika zuzendarik beren lehen edo bigarren film luzeak aurkeztuko dituzte Donostiako Zinemaldian, New Directors sailean, jaialdiaren 72. edizioan, irailaren 20tik 28ra. Pelikula horiek guztiak eta hurrengo asteetan iragarriko dituzten beste batzuk Kutxabank-New Directors 50.000 euroko saria irabazteko hautagaiak izango dira.
Gülizar / Gulizar (Belkis Bayrak) Turkiaren eta Kosovoren arteko koprodukzioa ezkondu aurretik sexu eraso bat jaso duen emakume gazte baten inguruko istorioa da; Roschdy Zem eta Bella Kim Hiver à Sokcho / Winter in Sokcho Koya Kamura frantziar-japoniar zuzendariaren lehen filmaren protagonistak dira; eta Regretfully at Dawn Sivaroj Kongsakul thailandiarraren bigarren film luzea da.
Brûle le sang / In the Name of Blood Akaki Popkhadze georgiarraren opera prima da, Yongkang Tang txinatar zuzendaria Stars and the Moon bere bigarren filmarekin lehiatuko da Donostian, eta Michael Tyburskik ere bere bigarren film luzea, Turn Me On, aurkeztuko du Gipuzkoako hiriburuan.
Pelikula horiek guztiak aurretik iragarritakoei batuko zaizkie. Horien artean, Azken erromantikoak dago, David Perez Sañudo arabar zuzendariak Txani Rodriguezen eleberri bat egokituta egindako filma.
Halaber, La guitarra flamenca de Yerai Cortés (Antón Álvarez, C. Tangana) eta Por donde pasa el silencio (Sandra Romero) debutak ere proiektatuko dira, baita La llegada del hijo ere, Cecilia Atanen eta Valeria Pivatoren bigarren film luzea.
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak esan duenez, "denetarik apur bat" egongo da sailean, eta gaineratu du inoiz generoko zinema gehien izan duen Zinemaldia izango dela aurtengoa, seguru asko.