Itxi

72. Zinemaldia

20 lanek osatuko dute 72. Zinemaldiko euskal ekoizpeneko eskaintza

Olatz Prat | EITB Media

Leer en Castellano

EITBren partaidetza duten hiru film ikusi ahal izango dira: ‘Marco’ Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendua, Andrea Jaurrietaren ‘Nina’ eta David Perez Sañudoren ‘Azken Erromantikoak’. Elena Iruretak jasoko du Zinemira Saria, bere ibilbidearen aintzatespen gisa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal partaidetza duten 20 obra -15 film luze, hiru telesail eta bi film labur- eskainiko dituzte 72. Zinemaldian eta ia sail guztietan programatuta egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala.

Zinemirak -berariaz euskal zinemari eskainitako sailak- bederatzi proposamen bilduko ditu. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako saila da Zinemira, Irizarrek, EITBk eta Urbilek babestua, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkartearen eta Zineuskadiren lankidetza du.

Zinemira saileko zortzi film mundu-estreinaldiak izango dira eta, horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak. Irizar Sariaren bidez 20.000 euro emango zizkie filmaren ekoizleei.

Honakoak dira Zinemira Sailean eskainiko dire filmak, lehen zortziak Irizar sarirako hautagaiak: 

Raúl de la Fuentek Williamstarrak / Los Williams  (The Williams) ez-fikziozkoarekin inauguratuko du saila, Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu

Carmen Chaplin aktoreak zuzendutako Chaplin | Espíritu gitano / Chaplin | Spirit of The Tramp film luzeak emango dio amaiera sailari. Charlie Chaplinen senitartekoak familiaren ijito-herentzian murgilduko da bidaia argigarri batean. Sustrai horiek Chaplinen pertsonaia maitatu eta tristeena inspiratu zuten: arlotea.

Arantxa Aguirrek Ciento volando zuzendu du, Jone Laspiur aktoreak Eduardo Chillida eskultore donostiarraren obrari buruz kontatzen digun ez-fikzioa, nabarmentzekoa izanik 2024an Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100. urteurrena dela.

Erreplika Pello Gutierrezen bigarren film luzea da, bakarka zuzendutako lehena, hausnarketa bat XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, zuzendariaren aita Juanmi Gutiérrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan.

Ernesto del Ríok seigarren film luzea aurkeztuko du: Ezer ematen ez dizun mundu hori / Ese mundo que no te da nada / That World That Gives You Nothing. Bertan, Bilbon hasi eta Habanan bananduko den bikote baten aldizkako harremana erretratatzen digu egileak.

Jone Ibarretxe de la Calek Nere Falagan Martinekin  zuzendu du bere lehen lana, Ibarretxe anaien (hots, egilearen aita Josemi eta bi osabak) argi-itzalak aztertzeko. Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa) / Esto no es Hollywood (La historia inacabada de los hermanos Ibarretxe) / This Is Not Hollywood (The Unfinished Story of The Ibarretxe Brothers) filmak euskal ikus-entzunezkoen hiru aitzindari horiekin egon ziren aktore eta zinemagileei egindako elkarrizketak biltzen ditu hiru anaiak erretratatzeko.

Miguel Alba Ricok, Nino Fontánek eta Itziar Bernaolak  euren lehen zinema-lana erakutsiko digute: Los poderes de Lolo dokumentala, Miguel Alba Ricoren ama Lolo Ricori buruzkoa; La bola de cristal telebista-saio mitikoa sortu zuen Lolo Ricok, eta aipatzekoa da haren 40. urteurrena betetzen dela aurten.

Zortzitik infinitura Naia Laka Arrizubietak zuzendutako lehen obra da eta euskal zinemaren historia kontatzen digu, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzaile Benito Ansolaren ibilbidetik abiatuta eta Miren Agur Meabe idazlearekin batera.

Lehiaz kanpo eskainiko dute Indarkeriaren oi(h)artzunak / Let It Know / Que se sepa, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren Sari Nagusia eta Nazioarteko Amnistiaren aipamen berezia lortu zituena. Zuzendariak Amaia Merino eta Ander Iriarte  dira. Tamara Muruetagoienaren egia-bilaketa jorratzen du lanak: ETAk haren familia bahitu zuen, eta haren aita torturatu eta erail egin zuen Estatuak.

Irizar sarirako hautagaiak, beste sailetan

Gainera, Irizar saria irabazteko hautagai izango da Iciar Bollain, Sail Ofizialean lehiatzen den Soy Nevenka filmarekin.

Halaber, David Perez Sañudok New Directors saileko hautaketan parte hartuko du Azken erromantikoak lanarekin, Irizar sarirako hautagai, hori ere. 

Gainerako euskal ekoizpenak 

Zinemaldian parte hartuko duten beste euskal ekoizpenen artean da Alauda Ruiz de Azua 'Cinco lobitos' filmaren zuzendariaren azken lana, Sail Ofizialean aurkeztuko duen Querer minisaila.

Perlak Saila itxiko du, halaber, Belodromoan, Jon Garaño eta Aitor Arregiren Marco lanak. Aurkezpenean, Jose Luis Rebordinosek Enric Marcori (nazien kontzentrazio-esparruetan preso egon zela esanda gezurra esan zuen gizona) buruzko istorio honen sortzaileak zoriondu ditu, "nolabait Zinemaldian hazi direla eta lan hau Veneziako Zinemaldian aurkeztean jauzi erraldoia eman dutela" esanez.

Izibene Oñederra zinemagileak Kimuak-en hautatutako Está por venir (y tendrá tus ojos) animaziozko film laburra aurkeztuko du Zabaltegin; Julen Etxeberria Nesten lehiatuko da El tercer paisaje film laburrarekin eta Galder Gaztelu-Urrutiaren El hoyo 2 filmak Culinary Zinema sailari amaiera emango dio lehiaketatik kanpo.

Belodromoan, gainera, Itziar Gomezek zuzendutako Go!azen EITBko gazteentzako telesail musikalaren hamaikagarren denboraldia estreinatuko da, eta Made in Spain sailean Andrea Jaurrietaren Nina filma proiektatuko da, Malagako Zinemaldian Kritikaren Saria eskuratu zuena.

Haurrentzako Zinema sailean, Diego Cagide eta Diego Lucero argentinarrek zuzendutako Robotia animaziozko filma proiektatuko da.

EITB Galak, azkenik, Itsatsita telesailaren bigarren denboraldia hartuko du, Instagramerako Jon Rodriguezek zuzendutako telesail musikala.

Jose Luis Rebordinos eta Elena Irureta, gaur. EFE.

Elena Irureta, 2024ko Zinemira Saria

Zinemira Saria, Euskal Zinemaren Gala Handian banatzen dena, Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkarteak euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko saria da eta aurten, Elena Irureta (Zumaia, 1955) aktore, gidoigile eta zuzendariak jasoko du, bere ibilbideari aitorpen gisa.

Irureta Antzerti Arte Dramatikoko Eskolaren lehen promozioan diplomatu zen, Donostian. Bere lehen lanak antzerkiari lotuta egon ziren, baita Arlequino servidor de dos amos, Las Troyanas eta beste antzezlanekin eta ETB euskal telebista publikoaren sorrerarekin ere, Bi eta bat eta Jaun ta Jabe telesailetan parte hartu baitzuen, besteak beste. Telebistan egin duen lanik luzeena El comisario telesaila da (hamaika denboraldi, 1999tik 2009ra).

Zineman, hogeita hamar filmetan baino gehiagotan lan egin du, hala nola zinemagile hauen lanetan: Juanma Bajo Ulloa (La madre muerta eta Airbag), Julio Medem (La ardilla roja), Daniel Calparsoro (A ciegas), Ramón Barearen film luze (Pecata minuta) eta laburrak (Adiós, Toby, adiós) eta Iciar Bollain (hiru aldiz: Hola, ¿estás sola?, Flores de otro mundo eta Te doy mis ojos).

Euskarazko zinemako lan garrantzitsuenetako batzuetan ere parte hartu du, hala nola hauetan: Aupa Etxebeste!, Zorion Perfektua, Urte berri on, amona, Igelak eta Agur Etxebeste!. Aitor Gabilondok sortutako Patria telesailean Bittoriren rola egin zuen (hala, berriz egin zuen lan Ane Gabarainekin Bi eta bat telesaila eta gero). Platino Saria, José María Forqué saria eta Feroz bat irabazi zituen Patrian egindako lanagatik.

Albisteak (1)

Bideoak (1)