Itxi

72. edizioa

Dirdira eta mamia, Donostiako Zinemaldian

Natxo Velez | EITB Media

Leer en Castellano

Hastear da Donostiako zinema jaialdiaren 72. edizioa: pantaila zuriak ikusleen gogo-bihotzak elikatzeko gertu daude. Bederatzi egunean, Javier Bardem, Cate Blanchett, Pedro Almodovar, Monica Bellucci, Johnny Depp, Sean Baker, François Ozon, Dea Kulumbegashvili eta beste asko izango dira Donostian.

Zinemaldia hartzeko prestatzen ari da Donostia. Argazkia. EFE

Izar dirdiratsuak eta pelikula mamitsuak. Bietatik eskainiko du Donostiako Zinemaldiaren 72. edizioak gaur, ostiralarekin, hasi eta irailaren 28ko itxiera galara arte. Izen handi eta interesgarriak daude Sail Ofizialeko hautaketan, Audrey Diwan, Costa-Gavras, Maite Alberdi, François Ozon eta Albert Serra zuzendariena, esaterako; eta zer esanik ez Perlak nazioarteko beste jaialdi nagusietan zeresana eman duten filmak dituen atalean, besteak beste, Jacques Audiard, Paolo Sorrentino, Andrea Arnold eta Sean Baker zuzendariak ekarriko baititu Zinemaldiak Donostiara.

Paolo Sorrentino, 2021eko Zinemaldian. Argazkia: Efe.

Nazioarteko zinemagintzako izen handi horien lanak babesten, gainera, izar dirdiratsuak egongo dira Donostian irailaren 20tik 28ra, pandemiak eta pandemiaosteak 2020an eta 2021ean eta Hollywoodeko aktoreen grebak 2023an apaldu zuten dirdira berpizteko: Pamela Anderson, Monica Bellucci, Jamie Campbell Bower, Ursula Corbero, Johnny Depp, Ester Exposito, Andrew Garfield, Karla Sofia Gascon, Isabelle Huppert, Patricia Lopez Arnaiz, Moses Ingram, Noemie Merlant, Angela Molina, Najwa Nimri, Franco Nero, Lupita Nyong'o, Nahuel Perez Biscayart, Urko Olazabal, Charlotte Rampling, Nagore Aranburu, Will Sharpe, Tilda Swinton…

Patricia López Arnaiz, Zinemaldian. Argazkia: Efe.

Donostia sariek ere ekarriko dituzte zinemazaleen eta hedabideen fokuak Donostiara, hiru izen eztabaidaezinen kariaz. Javier Bardemek ezin izan zuen iaz bere garaikurra hartu, Hollywoodeko aktoreen grebaren ondorioz, eta ostiralean bertan hartuko du, aurtengo edizioaren irekiera galan. Aurtengo bi saridunak, bestalde, Cate Blanchett australiar aktorea (larunbatean jasoko du, 19:15ean) eta, Veneziako zinema jaialdian sari nagusia jaso berritan, Pedro Almodovar espainiar zinemagilea (ostegunean, 18:00etan) izango dira.

Euskal zinema

Hogei euskal lan argituko ditu aurten Donostiako Zinemaldiaren leihoak: 15 film luze, 3 telesail eta 2 film labur. Sail Ofizialean, Iciar Bollain zuzendariak Soy Nevenka euskal ekoizpena aurkeztuko du, Alauda Ruiz de Azuak Querer telesaila eta Javier Ginerrek Yo, adicto telesaila, azken bi horiek lehiatik kanpo.

Zinemaldiaren edizio honetako euskarazko lan nagusia, Azken erromantikoak David Perez Sañudoren bigarren filma, New Directors atalean lehiatuko da, eta Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) Izibene Oñederraren film labur artegagarri baina itxaropentsua Zabaltegi Tabakalera atalean. Bi pelikulok eta beste hamar ekoizpenek EITBren parte-hartzea dute.

Marco Jon Garañoren eta Aitor Arregiren lana Perlak sailean ikusi ahalko da, Veneziako zinema jaialdian estreinatu eta gero, Belodromoan Go!azen EITBko gazteentzako telesail musikalaren hamaikagarren denboraldia estreinatuko da, eta Made in Spain sailean Andrea Jaurrietaren Nina filma proiektatuko da. EITB Galak Itsatsita telesailaren bigarren denboraldia hartuko du, gainera.

Zinemira euskal zinemaren sailean, dokumentalak izango dira nagusi, tartean Los Williams Iñaki eta Nico Williams Athleticeko jokalariei buruzko lana, Ciento volando Arantxa Aguirrek Eduardo Chillidari buruz filmatutako pelikula eta Erreplika Pello Gutierrezen filma.

Hori eta askoz gehiago izango da publikoaren gozagarri eta hausnarketagai, bederatzi egunez, zinemaren euskal topagune nagusian. Gozatu!  

Albisteak (4)

Informazio gehiago (1)