Itxi

Argentina

Zinemaldiak Argentinako zinemari babesa adierazi dio, hura desagerrarazteko Mileiren saiakeraren aurrean

Mikel Dominguez | EITB Media

Rebordinosek ohartarazi du Argentinako zinema proiektu asko geldiarazita daudela, eta gaur egungo egoera ideologia politikotik haratago doala, jaialdia kolore askotako gobernuekin “elkarlanean” aritu delako. "Eutsi, Argentinako zinema!", esan du.

Argentinako zinemaren aldeko ekitaldia. Argazkia: Zinemaldia

Donostiako Zinemaldiak elkartasuna eta babesa helarazi dizkie Argentinako zinemagintza industriari eta beste kultur adierazpideei, Javier Milei presidentearen murrizketen aurrean. Argentinako eta Latinoamerikako zinema munduko eragileak, baita Euskal Herrikoak ere, Kursaalean bildu dira Argentinako zinema babesteko, Zinemaldiak eta Argentinako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak deituta.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak azaldu duenez, Milei zinema eta kultura desegiten saiatzen ari da. "Proiektu asko geldiarazita daude, Argentinako Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalaren edukiak husten ari dira eta, Argentinako gobernua hartzen ari den neurriak direla eta, arriskuan daude bertako zinematografiaren garapena ez ezik, baita bestelako kultura-adierazpenena ere", adierazi du Rebordinosek, ohar batean.

Zinemaldiak ez du ekitaldia ideologiarekin lotu nahi izan, askotariko koloretako gobernuekin harreman onak izan baitu jaialdiak eta Argentinako zinemak; ez, ordea, gaur egungo presidente libertarioarekin.

Aurreko gobernuekin "eta argentinarrei definitzea dagokien bere ezaugarri propioekin, Argentinako industriak normaltasunez garatzea eta Latinoamerikako garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Gainera, herrialdearen irudi positiboa erakutsi du, eta haren eragile ekonomikoa izan da", esan du Rebordinosek.

Mileiren exekutiboak, berriz, "diktadura militar bat justifikatzen du" eta "zinemagintza nazionala desegiten ari da". Horregatik, Zinemaldiak azaldu du ezin diola egoera horri "bizkarra eman". "'Eutsi, Argentinako zinema!", bukatu du Rebordinosek.

72. Zinemaldiak Argentinako 16 lan programatu ditu, hainbat sailetan. Horietako bat, Diego Lermanen El hombre que amaba los platos voladores, gaur estreinatu da, Sail Ofizialean.

"Ulertu behar dugu —eta zinez sinetsita egon behar gara honekin— egiten dugun obra bakoitzarekin gure herrialde maitatuari nortasuna, lana eta kultura ematen ari gatzaizkiola", gehitu du Hernan Findling Argentinako Akademiako presidenteak.