Sail Ofiziala
"Hard truths": ondo al zaude?
Natxo Velez | EITB Media
Mike Leigh britainiar zinemagile beteranoak drama bihotz-erdiragarri baina kontzientzia astintzailea aurkeztu du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. Marianne Jean-Baptiste protagonistak bikain pantailaratzen ditu herra eta etsia.
Pansy Mike Leight britainiar zinemagilearen Hard truths pelikulako protagonistak, Londresko aldirietako langile klaseko familia beltz bateko amak, amorruz begiratzen dio munduari; are gehiago, begiratu ez ezik, herratsu zuzentzen zaie ingurukoei, agiraka: Moses isiltasunak ito duen seme dohakabeari eta Curtley etsiak amatatu duen senarrari, Chantelle ahizpa gozoari eta ugazaba zurien destaina erlatibizatzen duten horren alaba alaiei, altzari saltegi bateko eta supermerkatuko langileei eta, oro har, kalean berarekin gurutzatzen diren guztiei.
Etorri handiko bere irainek gidatzen dute filmaren lehen erdialdea, nabarmenegi eta errepikakorregi agian: Pansyk bereak eta bi esango dizkie parean jartzen zaizkion guztiei, eta publikoak barrez hartuko ditu munduarekin haserre dagoen pertsona baten ateraldiak, harik eta irribarreok izoztuko zaizkion arte.
'Hard truths'
Pansy hautsi egingo da halako batean. Amaren Eguneko familiako bazkari batean (sekuentzia bikaina da), atertuko dira txilioak eta pertsonaiaren errabia neurrigabearen erregaia zein den ikusten joango da publikoa: zergatik den ezezko ozen bat Pansyren erantzuna ahizpak, gizatasun-birringailua den munduan jendetasunari eutsi dion pertsona apurretako batek, "ondo al zaude?" galdetzen dionean.
Zulo sakon batean dago Pansy, amets-itxaropenak zimelduta, eta ez du ihesbiderik aurkitzen inguruan; "nekatuta eta beldurtuta" dago, ahizpari aitortuko dionez, eta dena gelditzea nahi du soilik, lo egiteko. Benetan zirraragarria da nola erakusten duen Marianne Jean-Baptiste aktoreak bitasun hori pantaila aurrean, hasierako sumina eta pelikularen bigarren erdialdeko zaurgarritasuna. Sari bat baino gehiago jasoko du lan honengatik.
Mike Leigh 'Hard truths' filmaren zuzendaria
Filmaren amaiera aldera iritsita, zirkulua ixteko eta erredentzio istorio bat biribiltzeko tentaldia izango lukete, akaso, zinemagile askok, baina Mike Leigh ez da ikusleak laztantzen dituen sortzaile horietakoa, eta hemen ez da onkeriaz bustitako amaiera iruzurtirik, zirkulua ez da ixten.
Eta hori da, agian, filmean lazgarriena: ohikoak, ia egunerokoak, zaizkigula erori diren eta altxatu ezinean ari diren pertsona hautsien haserrea eta etsia. Horren aurrean, Chantellek "ez zaitut ulertzen, baina maite zaitut" esango dio halako batean ahizpari. Izan liteke zerbait, agian, bere horretan, nahiz eta zirkulu perfekturik ixten ez duen.