Itxi

Itxiera gala

Urrezko Maskorra eta beste sariak gauean ezagutaraziko dira, Kursaalen

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Itxiera gala 21:00etan hasiko da, eta bukaera jarriko dio oso zapore ona utzi duen Donostiako Zinemaldiari. "On falling", "Los destellos" eta "Tardes de soledad", kinieletan.

Kursaal. Argazkia: Zinemaldia

Donostiako Zinemaldiak amaiera emango dio ametsez eta errealitatez betetako bederatzi eguneko aste luzeari. Sail Ofizialeko filmek, aurten bereziki, zapore ona utzi dute bertaratutakoen eta zinema kritikarien artean.

Itziar Ituñok eta Malcolm Treviño-Sittek aurkeztuko dute itxiera gala, 21:00etatik aurrera, Kursaalen. Bertan emango dituzte ezagutzera zeintzuk diren aurtengo edizio honetako pelikula irabazlea eta sari garrantzitsuen jabeak.

Gauera arte itxaron beharko da, baina ikusleen eta kritikarien artean faborito batzuen izenak entzun dira astean zehar.

Horietako bat da On falling, Laura Carreirarena. Zuzendari portugaldarra Edinburgon bizi da, eta filmeko protagonista Eskozian bizi den langile portuges bat da. Kapitalismoak ezarritako indibidualismoa eta bakardadearen erretratu gordin honetan, Ken Loach gizatiar bat datorkigu burura, eta gehiengoa konbentzitu du.

Euskal protagonismoa duen Los destellos pelikula ere kinieletan agertzen da. Pilar Palomerok zuzendu du, eta Patricia Lopez Arnaiz du protagonista. Dolua eta beti feminizatuta agertzen diren zainketak jartzen ditu kontakizunaren erdigunean. Eider Rodriguezen istorio batean oinarrituta dago, eta sariak irabazteko merituak egin ditu.

Zalantza gehiagorekin hasi zen Albert Serra zuzendari kataluniarraren Tardes de soledad, tauromakiari buruzko lan polemikoa. Hala ere, proiekzioaren ostean, ahots gehienek amore eman zuten errealitatearen ariketa ikaragarriaren aurrean. Ez du inor epel utzi.

Era berean, ez dira ahaztu behar iruzkin positiboak eragin dituzten beste lan batzuk: Edward Bergerren Conclave Vatikanoko thrillerra, eleberri batean oinarritua, eta François Ozonen zigilua duen Quiand vient l 'automne.

Sari guztiak Jaione Camborda buru duen Epaimahai Ofizialaren esku daude orain. 21:00etatik aurrera argituko dira eitb.eus-en eta ETBn ikusgai izango den galan.