AZTERKETA BATEN ARABERA
Batez beste, 540 euro gastatuko dituzte euskal herritarrek Gabonetan
Erredakzioa
2012/12/11
2008. urtean baino 295 euro gutxiago alegia. Gehien erori dena Loteriaren salmenta izan da.
Egungo krisi ekonomikoak eragin zuzena dauka Gabonetan. Izan ere, euskal herritarrek 540 euro gastatuko dituzte batez beste Gabonetako erosketetan, 2008. urtean baino 295 euro gutxiago.
Erabiltzaile eta Kontsumitzaile Independenteen Federazioak (FUCI) egindako azterketa baten arabera, Gabonetako gastu handienen zerrendan Estatuko bosgarren autonomia erkidegoa da Euskadi; aurretik, Madril (590 euro), Valentzia (570 euro), Katalunia (565 euro) eta Balear Uharteak (545 euro) daude.
Inkestetan oinarritutako azterketan, euskal herritarren joerak agertzen dira, eta gastuak nola banatuko dituzten azaltzen da; 200 euro janaritan, 185 euro oparietan, 80 euro Loterian eta 75 euro aisialdian.
Urteko sasoi honetako gastuak beheranzko joera argia izan du, 2008. urtetik. Urte horretan, krisiaren lehenengo aztarnak agertzearekin batera, kontsumitzaileen joera ere aldatuz joan zen apurka.
Nahiz eta krisiak Estatuko autonomia erkidego guztietan izan duen eragina, ezberdintasunak daude. Lehen ikusi bezala, Madril eta Valentzia daude gastuen zerrendaren buruan (600 euro inguru); Kanariar Uharteak eta Extremadura, aldiz, azkenengoak dira (450 euro inguru).
Krisiak gogor jo du Loteriaren salmenta; iazko datuekin alderatuta, % 18 jaitsi da Gabonetako eta Erregetako loterien salmenta bolumena.