Historiako saririk handiena
Inoiz baino zailagoa izango da Gabonetako Loteriaren saria irabaztea
Erredakzioa
2011/12/07
Sariaren kantitatea handituz doan heinean, irabazteko aukerak murriztu egin dira. Aurten, orain dela 6 urterekin alderatuz, % 50 zailagoa izango da lehen saria eskuratzea.
Aurtengo Gabonetako Loteriak Espainiako historian inoiz eman den saririk handiena zozketatuko du abenduak 22an. Edizio honetan 180 serietan banatuko diren 720 milioi euro zozkatuko dira Estatu osoan zehar.
Dena dela, aurreko urteekin alderatuta, sari nagusia irabazteko aukerak jaitsi egin dira. Aurtengo zozketa 100.000 zenbakirekin egingo da, eta 2005ekoa, adibidez, 66.000 zenbakirekin egin zen soilik. Horregatik, aurten sari potoloa irabazten dutenak bi arrazoirengatik izango dira zorionekoak: sari potolo hori irabaztea inoiz baino zailagoa izango delako eta, irabazten dutenek, inoiz baino diru gehiago eskuratuko dutelako.
Saria handitzeko arrazoia honakoa da: aurten loteria ontzian inoiz baino bolatxo gehiago sartuko dituzte. Aurten, zenbaki sariduna duen billete bakoitzak 4 milioi euro banatuko ditu billete bakoitza osatzen duten hamar dezimoen artean; iaz baino milioi bat gehiago, billete bakoitzeko, beraz. Guztira, iazko zozketarekin alderatuz gero, % 8 hazi da saria.Nahiz eta aurtengo edizioan saritua izateko aukerak gutxitu, irabazteko aukera gehien dituen zozketa da Gabonetako Loteria, sei zenbakitik batek sariren bat irabazten baitu. Primitiba bezalako zozketetan, irabazteko probabilitatea 1/13.983.816ekoa da , eta Euromilioiarena 1/76.275.360ekoa.
Argi dago hauek estatistika hutsak direla, eta inork ez dakiela zer gertatuko den San Ildefonsoko umeek 1.807 sariak abestu arte. Momentu horretan jakingo da nortzuk izan diren Espainiako historian egin den zozketa handienaren irabazleak.