Zinea euskaraz
Euskarazko filmak ikusgai EiTBn, Zinegabonak ekimenaren eskutik
A.E.|EiTB
EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan lau pelikula eskainiko dira Gabonetan, abenduaren 26tik 29ra, eta Euskal Herriko zenbait zinema-aretotan ere euskarazko filmak ikusteko aukera izango da.
EiTBk eta Zineuskadik, elkarlanean Zinegabonak izeneko haurrentzako filmen zikloa eskainiko dute, abenduaren 26tik 31ra, aurten laugarrenez, umeek euskarazko zinemaz goza dezaten. Lehen zatia EiTBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan izango da eta bigarrena Euskal Herriko lau hiri eta zenbait herritan. Haurrek animaziozko eta abenturazko 11 filmez gozatzeko aukera izango dute.
Halaber EiTBko emaladi horietako bakoitzera joateko 300 sarrera zozkatuko ditu EiTBren Hiru3 komunitateak kideen artean, eta irabazle bakoitzak lau sarrera lortuko ditu gehienez (heldu batekin behintzat etorri beharko du).
Multibox aretoan, abenduaren 26an, Doraemon Stand By Me eskainiko da, 27an Iparraldeko Norman, 28an Albert eta 29an PAN, sekula betirako bidaia. Emanaldiok goizeko 11:00etan izango dira.
Film horiez gain, abenduaren 30ean eta 31n esanda bezala, Euskal Herriko zenbait zinema-aretotan eskainiko dira euskarazko filmak euro baten truke. Pelikulak honako hauek dira: Snow Queen, Zipi eta Zape eta kapitainaren irla, Printze Txikia, Tom Txikia, Albert, Tximinoen Erresuma, Yoko eta Lagunak eta Oker.
Golem AlhóndigaBilbao (Bilbo), Príncipe (Donostia), Florida (Gasteiz), Golem Baiona (Iruñea) eta Itsas Mendi (Urruña) zinema-aretoek hartuko dute parte ekimenean.