Itxi

GUAU

Xabin Fernandezen "Zure ilunetan", Audiogile Berriak 2025 deialdiko gidoi irabazlea, GUAUn entzungai

eitb

EITBk Tabakalerarekin elkarlanean sustatutako ekimenaren lan sarituan Itziar Atienza, Joseba Apaolaza, Anartz Zuazua eta Xabin Fernandez bera dira, besteak beste, audio fikzioaren aktore nagusiak.

Edurne Ormazabal, Xabin Fernandez, Maite Goñi eta Oier Arantzabal

Tabakaleraren eta EITBren eskutik euskarazko soinu fikzioa sustatzea helburu duen Audiogile Berriak egitasmoaren bigarren edizioaren irabazlea, Xabin Fernandez Zubeldiaren "Zure ilunetan", maiatzean eman zen ezagutzera, eta astelehen honetatik aurrera, audio-fikzio bilakatuta, EITBren GUAU audio plataforman izango da entzungai.

Audio-fikzioa aurkezteaz gainera, Audiogile Berrien hirugarren edizioa iragarri dute Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak eta Maite Goñi EITB Mediako Irrati eta Audio zuzendariak. Helburua euskarazko soinu-fikzioa sustatzea da, eta bai Maitek eta bai Edurnek lankidetzaren orain arteko emaitza ona azpimarratu dute.  

Xabin Fernandezek idatzitako "Zure ilunetan" euskarazko soinu-fikzioa bost ataletan dago banatuta, ULU Mediak ekoitzi du EITB Mediarentzat, eta Oier Arantzabalek, zuzendu. Aktore oso ezagunek parte hartu dute: Itziar Atienza, Joseba Apaolaza, Anartz Zuazua eta Xabin Fernandez bera, besteak beste. Anartz Zuazuak zuzendu ditu aktoreak; Alain Urrutiak sortu du irudia, eta soinu diseinuaren ardura Oier Arantzabalek izan du. Igogailu batean harrapatuta geratzeak sortzen duen tentsio guztia islatu nahi du "Zure ilunetan" lanak. Horretaz gain, izaki misteriotsu batzuen lekukotzak dena hankaz gora jarriko du.

Aurkezpeneko argazkia

Gaurtik aurrera, berebat, zabalik dago Audiogile Berriak ekimenaren 3. edizioan parte hartzeko epea. Aurrekoaren ildotik, aurkezten diren lan guztietatik fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak (bideragarritasun eta kalitate aldetik) garatu egingo dira, gidoi bilakatu arte.

Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian hiru hilabetez lanerako lekua izango dute hiru proiektu finalisten egileek, martxotik maiatzera. Horrekin batera, 2.000 euroko dirulaguntza jasoko dute proiektuak garatzeko, Tabakaleraren kontura, eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi egingo dituzte, ondoko profesionalek lagunduta: Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria ("Holobiontea"), Isabel Cadenas ("De eso no se habla", Ondas saria 2025) eta Oier Arantzabal (ULU Media). Proiektuak aurkezteko epea urtarrilak 12ra arte zabalik izango da.

Horietako bat ekoitzi egingo du EITBk, eta zabaldu. 2026ko maiatzaren amaieran emango du epaimahaiak erabaki horren berri. Aukeratutako proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.