Txirrindularitza
Euskal Herriko Itzulia, zuzenean, astelehenetik aurrera, EITBn
EITB Media
Apirilaren 6tik 11ra jokatuko den lasterketa zuzenean ikusi eta entzun ahal izango da ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadi-Radio Vitorian, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus atarian. Gainera, Itzuliko euskal txirrindulari gazte onenari EITB Saria emango zaio beste behin.
Itzulia Basque Country, EITBn, apirilaren 6tik 11ra
Gure txirrindularitza lasterketarik nazioartekoena, Itzulia Basque Country, EITBko hedabideetan ikusi eta entzun ahal izango da apirilaren 6tik 11ra bitartean. Profesional talde zabala arituko da egunero probaren xehetasun eta emozio guztia kontatzen.
ETB1en, ETB ON plataforman eta kirolakeitb.eus atarian ikusgai izango den telebistako emankizuna "Gaur Egun" albistegiaren ostean hasiko da: astelehenean eta larunbatean 14:30ean, eta gainerako egunetan 15:00etan. Alfontso Arroio, Xabier Usabiaga eta Iñigo Lasa arituko dira kontakizuna egiten, egunero, aditu baten laguntzarekin: Markel Irizar, Hegoi Martinez, Xabi Artetxe, Igor Anton, Unai Osa...
Euskadi Irratian, Joxe Mari Apaolazak, Jon Altunak, Mikel Astarlozak, Eugenio Goikoetxeak eta Eukene Larrartek egingo dute kontakizuna Xabi Gallastegi teknikoaren laguntzaz, eta Arritxu Iribarrek irteerako eta helmugako elkarrizketak egingo ditu. Radio Euskadi eta Radio Vitoriako lantaldea Edu García, Alberto Negro, Iker Perea, Diego Arambalza, Abraham Olano, Joseba Beloki eta Eneritz Iturriagak osatuko dute, Joseba Urruela eta Gorka Torre teknikariekin batera.
Uxue Arakama izango da kirolakeitb.eus-eko bidali berezia. Gainera, iaz bezala, EITBko Kiroletako lantaldeak 3D formatuan grabatutako multimedia edukiak prestatu ditu, telebista emankizunetan zein sare sozialetan ikusgai izango direnak. Bertan, etapa bakoitzeko xehetasunak bilduko ditu Xabier Usabiagak.
Azkenik, EITB lasterketaren babesle da beste behin eta Itzuliko euskal txirrindulari gazte onenari EITB Saria emango dio azken egunean.