Itxi

Gazteei zuzendutako eskaintza

GUAUk eta Gazteak bat egin dute "Juxtu-Juxtu" gazteentzako bideopodcast berria estreinatzeko

EITB Media

Leer en Castellano

Janire Atxurra influenzerrak gazteen egunerokoan interesgarriak diren gaiak jorratuko ditu tonu umoretsuan: hala nola lana bilatzeko baliabideak edo gazteei zuzendutako bestelako aukera eta zerbitzuak.

Janire Atxurrak gidatuko du "Juxtu-Juxtu"

EITBren GUAU audio plataformak "Juxtu-Juxtu" bideopodcast berria estreinatu du gaur (ekainak 12). Gazteei zuzendutako formatu berria Janire Atxurra influentzerrak aurkeztuko du, eta On Time ekoiztetxeak ekoitzi du EITB Mediarentzat. Proiektuaren helburua da gazteen eguneroko bizitzan sortzen diren ohiko zalantzei erantzuteko informazio eta aholku praktikoak eskaintzea. Estreinaldia gazteengandik hurbilen dagoen gune batean egin da: Gazteako "Dida" goizeko saioan.  

"Juxtu-Juxtuk" gazteen egunerokoan interesgarriak diren gaiak jorratuko ditu: lana bilatzeko baliabideak, curriculum bat nola prestatu, diruaren kudeaketa, Gazte Txartelaren abantailak eta gazteei zuzendutako bestelako aukera eta zerbitzuak, besteak beste. Hori guztia tonu hurbil, arin eta umoretsuan kontatuko da, Janire Atxurraren nortasunaren ezaugarri nagusietako bati eutsiz. 

Bideopodcastak guztira 25 atal izango ditu, bakoitza hamar minutu ingurukoa. Lehen atalaren estreinaldiaren ondotik, astero bi argitalpen egingo dira astearte eta ostegunetan. Eskura egongo dira GUAU plataforman, eta GUAU zein Gazteako YouTubeko kanaletan. 

EITBk gazteei zuzendutako euskarazko eduki digitalen eskaintza zabaltzen jarraitzen du, zerbitzu publikoa, entretenimendua eta audio zein bideo kontsumitzeko modu berriak uztartuz. GUAUren eta Gaztearen arteko lankidetzak, gainera, estrategia bateratu bat indartzen du: formatu berriak audientzia dagoen tokira eramatea.