EITB EUSKAL ZINEMAREKIN
'Aro berria' filmaren estreinaldia, ostegunean, PRIMERAN plataforman
EITB Media
Irati Gorostidi Agirretxek zuzendu eta EITBren partaidetza duen lanak Kutxabank-New Directors saileko epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Zinemaldian, baita Feroz sarietako Arrebato de ficción garaikurrerako izendapena ere.
'Aro berria' filmaren irudia
Irati Gorostidi Agirretxe zinemagile nafarraren lehen film luzea, Aro berria, estreinatuko du PRIMERANek, EITBren streaming plataformak, ostegun honetan. Iazko Donostia Zinemaldian aurkeztutako lanak Kutxabank-New Directors Sariko epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen, baita Feroz sarietako Arrebato de Ficción garaikurrerako izendapena ere.
EITBren parte hartzea duen Aro berria filmak Euskal Herriko iragan industriala eta gizarte harremanak ditu ardatz, eta Zinemaldiko Ikusmira Berriak egonaldi programatik sortua da. Maite Muguerza, Oscar Pascual, Aimar Uribesalgo, Edurne Azkarate, Jon Ander Urresti, Jan Cornet eta Javier Barandiaran dira protagonistak.
Donostia, 1978. Ur-kontagailuen fabrikako langileak batzarrean bildu dira greba bat eztabaidatzeko, baina azkenean ez dute aurrera egin. Atsekabetuta, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratzen dituzte gizartea eraldatzeko asmoak. Batzuek fabrika utzi eta mendietako komunitate isolatu batean integratzen dira. Bertan, dozenaka gaztek bilaketa bizia egiten dute esperientzia katartiko partekatuen bidez.