Go!azen
'Go!azen'ek lau aktore aukeratuko ditu Miramon eta Bilboko castingetan
A.E. | EiTB
Abesten, dantzatzen eta interpretatzen dakiten 16 eta 22 urte arteko gazteen artean egingo dute aukeraketa, gaur eta bihar.
Euskal Telebista eta Pausoka ekoiztetxea 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria prestatzen ari dira, eta lau pertsonaia gazteren papera egingo duten lau aktore berri behar dituzte. Abesten, dantzatzen eta interpretatzen dakiten 16 eta 22 urte arteko gazteek gaur eta bihar izango diren aurrez aurreko casting-etan parte hartu ahal izango dute.
Gaur Donostiako EiTBren egoitzan (Miramon pasealekua, 172) izango da hautaketa, 10:00etatik 19:00etara. Ostegunean, berriz, EiTBren Bilboko egoitzan (Basurtuko Kaputxinoak, 2) egingo dira probak, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara.
Casting horietatik datorren denboraldiko 'Go!azen' eko lau aktore protagonista aukeratuko dituzte. Halaber, asteazken honetan jokatuko den 'Bago!az' saioaren finalean bosgarren aktore protagonista aukeratuko dute.
Jabi Elortegik zuzendutako telesailak haur eta gaztetxoen artean ikusmin handia piztu du. Telebistako emaitzez gain, herriz herri egindako emanaldi eta antzerki saioak lepo bete dituzte jarraitzaileek.