22:30ean
"Hondar ahoak" telesaila estreinatuko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur gauean
EITB
Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy dira protagonistak eta patroi baten desagerpena ikertu beharko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Astearte honetan, azaroak 3, "Hondar ahoak" telesaila aurkeztu du EITBk Bilboko Itsasmuseumen. Prentsaurrekoan izan dira Edu Barinaga ETBko zuzendaria, Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy aktore nagusiak eta Marian Fernandez produktorea.
Gaur estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en "Hondar ahoak" 4 ataleko fikzioa. Txintxua Filmsek ETBrentzat sortutako suspense minisailak thriller eta zinema beltzeko elementuak nahasten ditu. Asteazkenero izango da ikusgai gaueko prime timean, 22:30etik aurrera.
Edu Barinaga ETBko zuzendaria pozik agertu da "Hondar ahoak"en aurkezpenean, eta emaitzak merezi izan duela esan du. Txintxua ekoiztetxearen, Koldo Almandoz zuzendariaren eta, oro har lantalde osoaren kalitatea azpimarratu ditu eta zinema telebistara hurbildu ahal izateko eskainitako aukera berezi nahi izan du. Halaber, ETBren asmoa datorren urtean fikzioarekin jarraitzea dela gaineratu du, eta erronka luzatu die, Txintxuakoei urratutako bideari segida eman, eta datorren urterako proiektua aurkeztu dezaten.
Marian Fernandez, "Hondar ahoak"en ekoizle eragilea, bat etorri da, baita ere, lortutako emaitza ona nabarmentzerakoan. Talde guztiaren inplikazioa nabarmendu, eta ikus-entzuleek telesaila nola hartuko duten zain dagoela adierazi du. Hasiera-hasieratik Koldo zuzendariak eta berak fikzioa Ondarroan kokatua pentsatuta zeukatela adierazi du, abiapuntu estetiko eta soziologikora guztiz egokitzen zelako. Erabakiaz ez dira damu, ikusten denez, herriak agertutako inplikazio maila oso handia izan baita. Laguntza handia izan dute, Fernandezek azaldutakoaren arabera.
Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy aktore nagusiek, berriz, hasiera hasieratik proiektuan parte hartzeko zalantzarik ez dutela izan aitortu dute. Lantalde guztiaren kalitate eta profesionaltasuna gailendu du Nagorek, eta irrikitan dagoela, esan du, telesaila ikusteko. Halaber, genero beltza ukituz "inspektore desatseginaren" rola jokatuz dibertitu dela ere aurreratu du. Eneko Sagardoy , berebat, oso gustura agertu da esperientzia guztiaz. Nagorerekin lan egitea "ametsa izan da", azaldu du eta lantalde osoarentzat esker hitzak izan ditu. Bestalde, "Hondar ahoak" geruza asko dituen lana dela eta estetikoki eta artistikoki apustutzat hartu du.
Sinopsia
"Hondar ahoak" fikzioak intrigazko istorio bat dakar. Trama nagusia euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Marinelen usadio batek dio itsasoko sekretuak lurrean kontatzen dituenari ahoa hondarrez beteko zaiola, itsasotik lurrera eramandako hitzek urratsak uzten dituztelako.
Nerea Garcia (Nagore Aranburu) inspektorea arrantza portu batera bidaltzen dute patroi baten desagerpena ikertzera. Alex (Eneko Sagardoy) herriko agentearen laguntza izango du lan horretan. Berehala jabetuko da ez dela ohiko desagerpen bat eta ezer ez dela dirudiena. Ezin da aldez aurretik jakin iraganak zer ekarriko duen.
Lantaldea eta errodajea
"Hondar ahoak" telesaila berriaren protagonista nagusiak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy izango dira. Lehenak polizia-inspektorearena egiten du, bigarrenak aldiz, bere laguntzailearena. Antzezle-zerrenda nagusia Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute.
Gainera, Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartuko dute telesailean. Azpimarratzekoa da Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez profesionalen esku-hartzea ere.
Koldo Almandozen ohiko kolaboratzaileak ditugu lantalde teknikoan, esaterako, Javier Agirre Argazkilaritza zuzendaritzan eta Alazne Ameztoy eta Xanti Salvador zuzeneko soinuan. Arte zuzendaria Ane Arteaga izan da; Marian Fernandezek ekoiztu du lan hau, eta bigarren unitatea Asier Altunaren esku egon da. Musika Aitor Etxebarriak sortu du. Muntaiaren arduradunak, berriz, Laurent Dufreche eta Demetrio Elorz izan dira.
Uztailaren hasieran hasi zen lanean errodaje-ekipoa Ondarroan. Abuztuan, lau astez grabatu zuten eta telesailaren errodajea hilaren 28an amaitu zuten.