Itxi

Saio berria

"El Local de la Jungla" irratsaio berria Radio Euskadin

Leer en Castellano

Abenduaren 12an Radio Euskadik saio berria estreinatuko du, "El Local de la Jungla", Amaia Artetxe eta Joseba Martinek gidatuta.

Joseba Martin eta Amaia Artetxe

Abenduaren 12an, gauerdiko albistegiaren ondoren, Radio Euskadik saio berria estreinatuko du, "El Local de la Jungla", Amaia Artetxe eta Joseba Martinek gidatuta. Irratsaioa berriz eskainiko da hurrengo astelehenean, iluntzeko 20:00n, EITB Musikan,  ikuspuntu berritzaile, gaurkotu eta konprometituaz landutako musika edukien inguruko interesa duten ahalik eta entzule gehiagorengana iristeko asmoz.

Ordu beteko iraupena izango duen edukiaren helburua, Euska Herriko musika jarduera gertatzen den lekuetara bertara joatea da, beraietan lan egiten duten protagonisten testigantzen bidez pandemia garai hauek nola bizi dituzten ezagutzeko. Finean, osasun larrialdiaren murrizketek bereziki kaltetu duten sektorearen denbora errealean egindako mapa osatzea da asmoa eta horretarako ahotsa emango zaie abesalri, musikari eta sortzaileei, grabazio ingeniariei, soinu teknikariei, zigiluen arduradunei, kontratazio bulegoei, programatzaile eta management arlokoei, disko dendetako profesionalei, musika eskoletako irakasleei, etabar.

Hurrengo asteetan zehar, Amaia Artetxe eta Joseba Martinek osatutako lantaldea, grabazio estudio, kontzertu areto, disko denda eta orokorrean Euskal Herrian musika edukiekin lotuta dauden orotariko bulegoetara gerturatuko dira. Euskara eta gaztelania, bi hizkuntzak modu naturalean erabiliko dira saio honetan, EITB Media egunerokoan lantzen ari den transbertsalitatearen lan ildoan aurrera eginez.

Astero, "El Local de la Jungla" eremu jakin bat izango da; bisitatzen den leku horretan bihurtuko da irrati estudioaren konfort-gunetik at.

"El Local de la Jungla”k bere web atari propioa izango du, bertan argitaratuko dira emititu ondorenean, audio, bideo, podcast, testu eta baita saio bakoitzaren lanketan sortutako estekak ere. Sare sozialen lanketa (Facebook, Instagram, Twitter...) ezinbestekoa izango da saioaren eduki bihurtu litezkeen protagonisten berri izan eta beraien egoera ezagutzeko.

Lehenengo emanaldia, ostiraletik, abenduan 11, larunbaterako  gauerdian aurreikusita dagoena, Trapagarango MalaMuerte estudioetara egindako bisitarekin hasiko da. Oscar Sanchez estudioko soinu ingeniariaren elkarrizketaz gain, 35 urteko ibilbidea duen barakaldoko Parabellum taldearekin egindako topaketa luzea eskainiko du. Taldeak gainera, kide guztiekin eta beraien kantu ezagunenekin musika emanaldi elektrikoa egingo du, primizian, ‘El Local de la Jungla saiorako.

Hurrengo astean, Larrabasterran (Sopela) kokatuta dagoen Sweet Saul Music grabazio estudioan izango da bisita Saul Santolaria ingeniaren eta Los Brazos rock-blues talde bilbotarraren eskutik. Azken hauek beraien egungo errepertorioko abestiez gain, nobedade eta moldaketak ere eskainiko dituzte estudioan bertan egindako emanaldian. Eguberrien ondoren, 2021eko Urtarrilaren 8an, "El Local de la Jungla" Bilboko Power Records disko denda beteranoan izango da. 30 urte ditu bete ditu dagoeneko denda ezagunak eta berriki, gainera, Vinilo FM Ibilbidearen saria eman dio. Bertan izango da "El Local de la Jungla" dendako arduradunekin eta baita bezeroekin ere hitz egiteko.