Emakume panderojoleak
"Eten barik joten" dokumentala gaur gauean ETB1en
EITB MEDIA
Emakume pandero-jotzaile, trikitilari, bertsolari, kirolari eta idazleen narrazioen bidez, instrumentu honek Euskal Herriko historia garaikidean izan duen papera ezagutuko dugu.
Gaur gauean "Eten barik joten" dokumentala izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera. Panderoa, emakumearen ahalduntzea tresna honen bidez, euskara eta kultura ditu aztergai nagusi lan honek. Emakume pandero-jotzaile, trikitilari, bertsolari, kirolari eta idazleen narrazioen bidez, instrumentu honek Euskal Herriko historia garaikidean izan duen papera ezagutaraziko du dokumentalak.
"Eten Barik Joten" dokumentala hiru euskal pandero-jotzaileren testigantzak bilduz hasten da: Nati Bilbao, 91 urtekoa, pandero-jotzailea eta musika tradizionalaren kondaira; Maixa Lizarribar, euskal folk tradizionalean ibilbide luzeko pandero-jotzaile eta trikitilaria, eta Rakel Pujana, pandero-jotzailea eta traizioa eta modernitatea uztartu izan dituzten musika taldeetako kidea. Hirurek musikaren munduan nola hasi ziren kontatuko dute, eta urteen joan-etorrian batez ere maskulinoa izan den mundu batean bizitako esperientziak ekarriko dituzte gogora.
Horien bizipenak Aingeru Berguices Historia Garaikidean doktorearen proposamena ulertzeko abiapuntu gisa erabiliko ditu dokumentalak. Pandero-jotzailea, historikoki, gure gizartean nolabaiteko boterea izan duen emakumea dela azaltzen du berak. Espazioan eta denboran oso mugatua festara, erromeriara, baina benetakoa eta errespetatua.
Salbuespen historiko horrek plazako nagusitasun-eremu hori beste eremu batzuekin alderatzera darama dokumentala: izan al dira emakumeak beste espazio batzuen jabe? Hainbat emakumeri egindako elkarrizketen bidez, XXI. mendeko Euskadin espazio publikoa nola eraiki den ikusiko dugu. Dokumentalean izango ditugu, besteak beste, goi-mailako emakume kirolariak; gai-zerrenda propioa ezartzen duten emakumezko bertsolariak; eta beren espazioa eta proposamenak aldarrikatu behar dituzten idazleak, esaterako.
Aldi berean, panderoa tresna sinple eta oinarrizko gisa aurkeztuko du dokumentalak. Artisau batek bere tailerrean panderoak nola egiten dituen erakutsiko du, eta emakume pandero-jotzaileek panderoak, soinu mugatua sortzen duen arren, duen erakarpenaz hitz egingo dute.
Parte-hartzaileak:
- Rakel Pujana, pandero-jotzailea eta trikitilaria.
- Nati Bilbao, 91 urteko pandero-jotzailea.
- Maixa Lizarribar, Maixa ta Ixiarreko kide ohia.
- Edurtzeta Ania, pandero-jotzailea eta Ene Bada taldeko kide ohia.
- Uxue Amonarriz, pandero-jotzailea eta Huntza taldeko kidea.
- Josune Arakistain, trikitilaria eta Huntza taldeko kidea.
- Aintzane Camara, EHUko Musika Adierazpenaren irakasle eta doktorea.
- Aingeru Berguices, EHUko Historia Garaikideko doktorea.
- Gurutze Lasa, EHUko doktoregaia.
- Oihana Bartra, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeita bertsolariak.
- Raul Pariente, artisaua eta pandero-egilea.
- Maider Mendizabal eta Patri Espinar pilotariak.
- Itxaro Borda, idazlea eta pandero-jotzailea.
- Kristiñe Solano, Ziortza Garabieta, Mamen Garateeta Ane Muñoa pandero-jotzaileak.