Kargatzen...
Itxi

Inbestidura 2021

Joe Biden AEBko presidente hautatuaren kargu hartzeari arreta berezia, gaur, EITBn

EITB Media

Leer en Castellano

AEBko presidente berriaren inbestidura gertutik eta zuzenean jarraituko dute ETBko, Euskadi Irratiko, Radio Euskadiko eta Radio Vitoriako saio eta albistegiek eta baita eitb.eus webguneak ere.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Joe Biden AEBko presidente demokrataren kargu hartzeari arreta berezia eskainiko diote EITBko hedabideek gaur, urtarrilak 20. Bidenek giroa gori-gori dela hartuko dio lekukoa orain arte presidente izan den Donald Trumpi joan zen asteko erasoaren ondoren. Washingtongo Kapitolioan izango den ekitaldia eta inguruan gertatzen dena zuzenean eskaini ez ezik, iritzi eta testigantzak jasoko dituzte Komunikazio Taldeko hedabideek.

Mikel Reparaz ETBko albistegietako nazioarteko arlo-burua eta korrespontsal ohiaren eta Amaia Uribe AEBn EITBk duen korrespontsalaren kroniken bidez jarraituko dute inbestidura ETBko albistegietan eta "Egun On Euskadi" saioan. ETB1eko "Ahoz Aho" saioak 17:00etan egingo du bat Washingtonekin eta gaueko "Teleberri"aren ondoren, saio berezia izango da. Juan Carlos Etxeberriak Bilboko estudioan Eva Silvan politologoa eta Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbidean katedraduna izango ditu gonbidatu. Mikel Reparaz, berriz, Washingotnen egongo da hainbat gonbidaturekin.

ETB1eko "Biba Zuek!" saioan, AEBn izango diren euskaldunekin jarriko dira harremanetan, azken ordua eman eta presidente aldaketak izan ditzakeen ondorioez hitz egiteko. Mikel Reparazekin zuzeneko konexioa egingo dute Washingtongo Kapitoliotik bertatik, zin egitearen azken ordua eman dezan. Orobat, Joseba Zulaika antropologorekin egingo dute bat, Nevadan, Renoko Unibertsitatean, irakasle gisa urte askotan egon baita; halaber, Washingtonen euskal produktuen komertzializazioan lan egiten duen Estebe Salgado eta Illinoisen bizi den Ane Icardo itzultzailea elkarrizketatuko dituzte.

Bestalde, ETB2n, goizean, "En Jake" saioak, kargu hartzearen atarian, adituen analisi eta iritziak biltzeaz gain, aurreko orduetan dagoen giroa jasoko du berriemaileen kronikaren bidez.

Arratsaldeko "¡Qué Me Estas Contado!" saioa berezia izango da eta 17:30etik "Teleberri" hasi arte iraungo du. Ohiko solaskide mahaiaz gain, 20:00etan Iñigo Albiol Nazioarteko Harremanen irakaslearekin, Maria Silvestre soziologoarekin, Lourdes Perez "El Diario Vasco"ko zuzendariordearekin eta Oscar Rodriguez politologoarekin mahaia osatuko dute.

Gainera, saioan zehar hainbat kazetari eta aditurekin bat egingo dute: Mikel Reparaz, Alex Segura, Luis Foncillas eta Endika Nuñez kazetariekin eta Pablo Simon, Cristina Monge eta Ignasi Gonzalo Salellas adituekin.

EITB Irratian eta eitb.eus-en

Irratiari dagokionez, berebat, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako albistegi eta saioek AEBn jarriko dute fokua. Maria Suarez eta Lander Eizagirre bidali bereziak izango dira Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Euskadi Irratirako. 

Horrez gain, Euskadi Irratian Olaia Urtiagak gidatzen duen "Baipasa"n tarte berezia izango du gaiak.

Radio Euskadin 17:00etatik aurrera, Ainara Torrek Bidenen lehen pausoen berri emango du. Lehen konexioa Washingtonen izango den Maria Suarezekin egingo dute, Luis Foncillas, Carlos Perez eta Alejandra Arredondo kazetariek lagunduta. 18:00ak aldera, presidente gisa Bidenek emango duen lehen diskurtsoa ikertuko dute Rafael Elias ikertzaile politikoarekin.

21:00etatik aurrera, "Ganbara" saio berezia izango da entzungai; Roberto Izurieta CNNko analista politikoak, Alderdi Errepublikanoko hauteskunde-aholkulari ohia den Luis Alvaradok eta Deustuko Unibertsitatean Nazioarteko Harremanetako irakaslea den Iñigo Arbiolek parte hartuko dute. Estatu Batuetan bizi diren bi euskaldunen testigantzak ere bilduko dituzte: Elizabeth Diago Navarro gasteiztarra, New Yorkeko Osasun Departamentuan lanean ari dena, eta Iñigo Gonzalez donostiarra, AEBetako Hine enpresako zuzendaria.

Bestalde, eitb.eus-en streaming bidez kargu hartzea zuzenean jarraitu ahal izango da 18:00etan hasita. Bertan bilduko dituzte, gainera, irrati eta telebistako berriemaileen kronika, elkarrizketa eta bideoak.

Bideoak (1)