Itxi

Martxoak 12

Radio Euskadiko "Boulevard" saio berezia Bilboko kaleetatik, ostiral honetan

EITB Media

Leer en Castellano

Ander Arzak eta Miriam Duque pandemia hasi eta urtebetera aterako dira berriz ere kalera, osasun krisiaren, itxialdien eta murrizketen balantzea egiteko.

Ander Arzak eta Miriam Duque. Argazkia: EITB Media

Ostiral honetan, martxoak 12, Radio Euskadiko "Boulevard" saioak programazio berezia eskainiko du Bilboko kaleetatik. Goizeko 8etatik aurrera, Ander Arzak buru duela, kalean kokatutako setetik arituko da albistegi taldea, urte zail honetako protagonistak gertutik entzuteko asmoarekin.

Hala, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen eta Fermin Labayen Gurutzetako ZIUko arduradunaren bisita jasoko dute goizean goiz. Azken honekin, covid-19a gainditu dutenen istorio pertsonalak errepasatuko dituzte, eta gainera, azken urtean senitartekoak galdu dituztenen testigantzak ere jasoko dituzte. 

Koronabirusa agertu eta urtebete geroago, "Boulevard" etorkizunari begira jarriko da baita ere. Adinekoen egoitzetako egoera aldatu egin da, eta gure nagusiek gaur egun bizi duten egoeraren berri emango dute. Bestalde, irratiko mikrofonoak gazteengana ere hurbilduko dituzte; kolektibo hau oso salatua izan da eta gutxitan entzun da bere ahotsa. 

Itxaropenez eta musikaz beteriko saio berezia izango da ostiralekoa. Mississippi Queen & The Wet Dogs taldeak zuzenean joko du Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregia eszenategi duela. 

11:00etatik 13:00etara, "Boulevard Magazine" saioko lankideek hartuko dute lekukoa. Urtebete da alarma egoera deklaratu zutenetik, eta Miriam Duque eta konpainia kalera irtengo dira entzuleak Radio Euskadiko irrati-balkoira gerturatu daitezen. 

Anne Etchegoyen artista izango da irratsaioko seta bisitatzen lehena. Larunbatean Bilbon aurkeztuko duen Emazte disko berriaz solastatuko da abeslaria.

Bestalde, pandemiaren hasieran irina agortu zela gogoratuko dute. Nola egin zioten aurrera egoera honi gozogileek? Gai horren inguruan hitz egingo dute Isabel Serna gastronomia adituarekin. Serna Abasotas sukaldaritza eta gozogintza osasuntsuaren alde egiten duen proiektuaren sortzailea da. 

Gainera, pandemiak jasangarritasunari eta hiri-mugikortasunari nola eragin dion ere jakin nahiko dute magazinean. Horretarako, Ibon Areso Bilboko alkate ohia eta Miguel Angel Diaz Based arkitektura konpainiaren sortzailea hartuko dituzte lagun. 

Bestalde, Martín Barcelona tenoreak balkoiko emankizunak eskaini zizkien bizilagunei berrogeialdian. Oraingoan, "Boulevard" programak eskaintzen dion agertoki paregabetik aritzeko aukera izango du. Bestalde, Charlee Mitok opera eta orkestrei buruzko galdera bereziak ekarriko ditu.