Itxi

EITBPodkast

Audioliburuak euskaraz lehen aldiz eskainiko ditu EITBk

EITB Media

Leer en Castellano

Asteazkenetik aurrera, EITBPodkast atarian eta lehen epe honetan, Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia', Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin', Lander Garrok itzulitako Albert Sanchez Piñolen 'Larrua hotz' eta hainbat egileren 'Lo potolo' izango dira entzungai.

Audioliburuak euskaraz izango dira EITBPodkasten aurrerantzean

Audioliburu eskaintza izango du asteazken honetatik aurrera EITBPodkast atariak. Zientzia fikzioa, thrillerra edota narrazio bilduma... genero desberdinak izango dira audio digitalaren plataforman entzungai. Literatura belarrietatik kontsumitzea gora eta gora ari den tendentzia da Europa mailan. Euskarak zuen gabeziaz jabetuta, proba egin nahi izan du eta gustu guztietarako literatura entzungarria ekoitzi du EITBk.

Audioliburuen grabazio prozeduraren estandarrak jarraituta, kalitatezko hainbat lan osatu dira idazleen oniritziarekin. Are gehiago, kasu batean gainera idazleak berak jarri dio ahotsa bere nobelaren lehen audioliburu egokitzapenari. Uxue Alberdi idazleaz ari gara. Berak daki, beste inork baino hobeto, Jenisjoplin eleberri ezagunean jarritako hitz bakoitzaren arrazoia. Horregatik berak ahotsa jartzea begi onez ikusi zuten On Time ekoiztetxeak eta EITBLabek, proiektuaren sustatzaileak.

Bihotz handiegia (Euskadi Literatur saria 2018) Eider Rodriguezen lanaren kasuan, irratiko sei esatari ezagunek jarri diote ipuin bakoitzari ahotsa: "Bihotz handiegia", Arantxa Iturbe; "Belar moztu berria", Nekane Peñagarikano; "Niregandik espero zena", Nagore Telleria; "Ez duzu ezer arraroa antzematen?" Arantxa Irastorza; "Urtebetetze festa", Ainhoa Urretabizkaia eta "Paisaiak", Ainhoa Vitoria.

Lander Garrok itzulitako Albert Sanchez Piñolen Larrua hotz liburuari Iñaki Beraetxek jarriko dio ahotsa.

Eleberriez gain, umeentzako audio fikzionatua eta landua ere eskaini nahi izan diete familiei. Gauerako ipuin laburrak, Lo potolo lanean azaldu bezala, baina audioz bildu dituzte oraingoan.  Idazle ezagunek idatzitako ipuin bana jasotzen duen bilduma (Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Mitxel Murua, Patxi Zubizarreta). Autoan, erosketetan edota oherakoan haurrek entzuteko aproposak. Lagungarri izan daitezkeenak akaso euskaraz mintzo ez diren etxeetan.

Azaroaren 25ean, halaber, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Anjel Lertxundiren Zoaz infernura laztana (Ainhoa Aierbe) argitaratuko da.

Eta gazteenek ere izango dute zer entzun audioliburuen atalean. "Go!azen" telesailak lau liburu baititu eta denak audioliburu bilakatu dituzte. Eta hori gutxi balitz aktoreek jarri diote istorio bakoitzari ahotsa: Iritsi gara (Lorea Intxausti, Juneren paperean), Eiderren egunerokoa (Esti Lopez, Eiderren paperean), Maddiren amona influencerra (Danae Riaño, Maddiren paperean) eta Asteburu bat eskiatzen (Asier Burgete, Markelen paperean). Azaroan topatuko ditugu liburu hauek EITBPodkast atarian.

EITBPodkast, denetariko edukiak

Ikasturtea hasi eta Gabonak bitartean, beraz, EITBPodkast atarian lan hauek argitaratuko ditu EITBk, hiru txandatan. Eta horretaz gain, ez da entretenimendua faltako audio digitalaren plataforman: Urratsa Mindfulness tarteak astelehenero argitaratzen baitituzte dagoeneko eta laster "Artxipelagoa" bezalako audioserie handiak baitatoz EITBPodkastera.

Informazio gehiago (1)