Podcast berria
"Dodoa" haurrei zuzendutako podcast berria EITBPodkast atarian
EITB Media
Iñigo Astiz kazetari eta poetak, eta Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariek EITBPodkast atarirako sortutako lan horrek haurren irudimena lantzea du helburu, kantuaren eta entzumenaren bitartez. Abenduaren 26tik aurrera izango da entzungai, astelehenetik larunbatera, egunero atal berri batekin.
"Dodoa" podkastaren aurkezpen ekitaldia.
Datorren astelehenean, abenduak 26, EITBPodkast atariak haurrei zuzendutako "Dodoa" podcast berria estreinatuko du, eta, egunero, atal berri bat izango da entzungai. Iñigo Astiz kazetari eta poetaren letra eta Jabier Muguruzaren musikaren bidez, 2021ean sortutako abestien osagarria izango da podcast berria, euskara eta musika uztartuz.
Bikoteari Mikel Azpiroz musikaria batu zaio, bere pianoarekin eta soinu-teknikari lanarekin. Hartara, hiruren elkarrizketaren bidez ezagutuko dituzte entzuleek behia, ardia, lehoia edota boa constrictorea nortzuk diren. Eta piztiekin batera, mamuren bat edo beste ere azalduko da sei ataleko podcast honetan, betiere, Dodoaren duda-mudak bidean argitzen ahaleginduz.
Haurrek, kantuaren eta entzumenaren bitartez, irudimena lantzea da helburu nagusia, musika zaletasuna piztearekin batera. Dodoaren irudia, Pedro Balmasedak egina da. Kantuetan, Jabier Muguruzarekin batera, Nieves Arilla abeslaria egongo da.
Gaur, abenduak 22, egin du EITBk "Dodoa" podcast berriaren aurkezpen ekitaldia, eta bertan, Maite Goñi EITBko Irrati eta Eduki Digitalen zuzendariak, Ainhoa Etxebeste EITBPodkast atariko kudeatzaileak, Iñigo Astiz kazetariak eta Jabier Muguruza musikariak hartu dute parte.
EITBPodkast atariko aisia-fikzioa gunean, "Dodoa" ez ezik, haurrei zuzendutako zenbait podcast topatuko ditugu, horien artean, "Lo Potolo" ipuin audio-liburua, "Sara eta Paul" fikzioa, eta "Ipuin Txiki, Soinu Handi".
Entzun EITBPodakstaeko haurrentzako-eskaintza:
Dodoa: eitb.eus/dodoa
Lo Potolo: eitb.eus/lopotolo
Sara eta Paul: eitb.eus/saraetapaul
Ipuin Txiki: eitb.eus/ipuintxiki