Eduki nabarmenenak
Amstel Gold Race txirrindularitza klasikoa, igande honetan, EITBn
EITB Media
Pilota emanaldiak ere izango dira ikusgai, 17:00etatik aurrera. Gauean, Azpeitian izango dira Pagadi eta Miren Nogales "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan; eta "Vascos por el Mundo" programak, bestalde, Liechtensteinen bisitatuko du.
Amstel Gold Race
Igandea, 2023ko apirilak 16: ETB1eko, ETB2ko, ETB4ko eta eitb.eus-eko eduki nabarmenenak
Kirol emanaldiak ETB1en, ETB4n eta eitb.eus-en
14:45etik aurrera, Amstel Gold Race txirrindularitza klasikoa eskainiko da zuzenean, Herbehereetatik. Emanaldia ETB4n eta eitb.eus-en hasiko da; baina 15:00etan ETB4tik ETB1era egingo du salto. Xabier Usabiagak, Fermin Aramendik eta Alfontso Arroiok egingo dute kontakizuna.
Txirrindularitza amaitzean, 17:00etan, "ETB Kantxa" pilota saioa hasiko da, Eibarko Astelena pilotalekutik zuzenean. Hiru partida eskainiko dituzte: Zabala vs Salaberria (Buruz Buruko Promozio Txapelketa), Ezkurdia vs Jaka (Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenak) eta Egiguren V vs Exposito (Buruz Buruko Promozio Txapelketa).
ETB1en eta eitb.eus-en izango da pilota ikusgai, Xabier Euzkitze, Abel Barriola eta Elena Azpeitiaren eskutik.
"Herri Txiki, Infernu Handi" – 22:00etan ETB1en eta eitb.eus-en
Izarraitz mendi magalean eta Urola ibaiaren alboan dagoen herria, Azpeitia, bisitatuko du aste honetan "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak. Miren Nogalesek Loiola auzoko Joxe Mari Tutu eta Maria Luisa ezagutuko ditu, San Inazio bera ere harritzeko moduko azpeitiarrak. Pagadi, berriz, harri eta zur geldituko da Felipe, Juan eta Burni-ren abenturetan murgildu ostean.
"Vascos por el Mundo" – 22:15ean ETB2n eta eitb.eus-en
Fanny Boehm kazetariak eta Daniel Leal kamerariak Europa erdialdeko Liechtensteinen herrialdera eramango gaituzte igande honetako "Vascos por el Mundo" saioan. Bertan bizi diren hainbat euskal herritar izango dituzte lagun: Amaia, Jose, Mario, Leire, Endika eta Mikel. Munduko seigarren herrialde txikiena dugu Liechtenstein, neguko kirolen paradisua, eta herri bitxiak dituen lurraldea. Bertako hainbat tokitan behi gehiago daude pertsonak baino.