Itxi

''Go!azen 10''

Abiatu da "Go!azen" telesailaren denboraldi berriaren grabazioa, Donostian

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Denboraldi berria oso berezia izango da: "Go!azen 10" izango da aurtengoa, eta 100 atalak gaindituko ditu telesailak. Ohi bezala, musika, umorea eta gai sozialak landuko dituzte, eta aktore eta pertsonaia berri ugarirekin dator denboraldia.

"Go!azen 10.0"

Abian da "Go!azen" telesail arrakastatsuaren denboraldi berriko grabazioa. Astelehen honetan, ekainak 12, hasi dute filmaketa, Donostian. Pausokak EITBrentzat ekoizten duen telesail musikalak oso denboraldi berezia dauka martxan. Izan ere, "Go!azen 10" izango da aurtengoa eta 100 atalak gaindituko ditu.

Azken urteetan bezala, telesailak musika, umorea eta gai sozialak landuko ditu denboraldiko hamar ataletan zehar; eta, ohi bezala, aktore eta pertsonaia berri ugarirekin dator: Marina Ostolaza (Noa), Haizea Astrain (Lea), Xabi Elizalde (Aner), Ander Ayerza (Bosko), Unai Arana (Mattin), Unai Arrieta (Urtzi) eta Nerea Arriola (Maitane) Basakabira iritsiko dira. Gainera, aurreko urteetan protagonista izan ziren Nerea Elizalde (Garazi), Mikele Arizkorreta (Saioa), Maria Redondo (Zuri), Lorea Intxausti (June), Kimetz Etxabe (Gontzal) eta Andoni Agirregomezkorta (Oier) ere telesailean arituko dira aurten.

Imagen de la grabación de 'Go!azen'

Denboraldian zehar egungo eta betiko talde eta abeslarien kanten moldaketak entzun ahal izango dira: ETS, Bulego, Zetak, Izaro, Berri Txarrak, Maixa eta Ixiar, Sagarroi edo Izaki Gardenak, besteak beste. 

Aplikazioan (iOS eta Android) eta eitb.eus webgunean, bideo bereziak eta filmatze lanetako argazkiak ikusi ahal izango dira, ostiraletik aurrera. Halaber, sare sozialetan (Instagram, Facebook, eta TikTok) telesailaren inguruko eduki asko ere topa daitezke.

'Goazen 10'

Liburu berria eta aldizkaria, irailean

Aurtengo denboraldi berezia ospatzeko, "Go!azen" telesailaren inguruan hainbat ekitaldi eta ekintza berezi egingo dira uda honetatik aurrera. Izan ere, transmedia fenomenoa dugu "Go!azen", eta bere presentzia telebistako pantailaz harago doa.

Irakur zaletasuna bultzatu asmoz, adibidez, irailean zazpigarren eleberria argitaratuko du Alai argitaletxeak, Lur Gallastegik idatzitako Londonen galduta. Irailean ere, aldizkariko ale berria argitaratuko da eta lau izango dira denboraldian zehar kaleratuko direnak.

Arrakasta Euskal Herritik kanpo ere

Urte hauetan zehar, "Go!azen" telesailak ATV saria irabazi du eta Rose D'Or sarietako finalista izan da. Aurten, gainera, TV3 telebistak "Jomaimai" bere proiektu propioa jarri du martxan EITBko telesailean oinarritua.