Proiektu transmedia
"Itxaso" telesailak badu bere escape room-a: "Itxaso Marea Bizietan"
EITB MEDIA
eitb.eus-en dago eskueran "Itxaso Marea Bizietan", PRIMERANeko fikzio berriaren inguruko jolasa. Telesailaren kokalekuak eta pertsonaiak ditu oinarri eta jokalaria da abenturaren protagonista nagusia.
"Itxaso Marea Bizietan" escape room digitalaren irudia
Dagoeneko PRIMERANen, euskarazko eta euskal edukien plataforman, ikusgai dagoen "Itxaso" telesailak badu bere escape room digitala. "Itxaso Marea Bizietan" eitb.eus-en dago eskegita eta euskaraz jolasteko aukera eskaintzen du.
Telesailaren kokalekuak eta pertsonaiak ditu oinarri escape room-ak. Erabateko interakzioa eskaintzen duen jolas honetan, jokalaria da abenturaren protagonista nagusia. Lau fase ditu jokoak eta bakoitzean sartu aurretik telesailaren spoiler arriskuaz ere ohartarazten du.
"Itxaso Marea Bizietan" escape room digitalaren irudia
Nafarroako Adventure Doors enpesak garatu du EITBLabek sustatutako "Itxaso"ren escape room-a.
"Itxaso", euskaraz filmatutako thriller kutsu nabarmena duen pertsonaia-drama, surfaren munduan dago girotua eta casting zabala du: Nerea Mazo eta Aritz Kortabarria promesa gazteak bateko, eta Jon Plazaola, Itziar Atienza, Nerea Garmendia edo Jon Mendia bezalako ikus-entzunezko aktore ezagunak besteko. Zortzi atal ditu eta PRIMERANen dago osorik ikusgai.