Ostiraletik aurrera
"Akelarre" saioaren denboraldi berria, Nerea Garmendiak, Ana Goitiak eta Tania Llaserak aurkeztuta
EITB MEDIA
Programak hainbat berrikuntza dakartza, tartean hiru aurkezleak. Ana Goitia eta Nerea Garmendia kolaboratzaile lanetan ikusi genituen lehen denboraldian, eta orain saioaren gidaritzari ekingo diote, Tania Llaserarekin batera.
Ostiral honetan, urriak 20, itzuliko da ETB2ra "Akelarre" elkarrizketa eta umore saioa, Ana Goitiak, Nerea Garmendiak eta Tania Llaserak aurkeztuta. Programak berrikuntza ugari dakartza bigarren denboraldi honetan, tartean aurkezle berriak, baina betiko oinarri eta esentziari uko egin gabe. K2000 eta El Terrat (The Mediapro Studio) ditugu bigarren denboraldi honetan ere saioaren ekoizleak. 22:30etik aurrera izango da ikusgai, ETB2n eta eitb.eus-en.
Ana Goitia eta Nerea Garmendia kolaboratzaile lanetan ikusi genituen lehen denboraldian, eta orain saioaren gidaritzari ekingo diote, Tania Llaserarekin batera. Euskadin emakume izateak zer esan nahi duen azalduko digute hirurek. Telebistako akelarre berezi honetan ez da taburik egongo, ezta zentsurarik ere; eta hiru aurkezleek, astero, lotsagabekeria dosi handiak jarriko dituzte mahai gainean, erritu magiko bat balitz bezala.
Aurkezleak
Nerea, Ana eta Tania, baina, ez dira bakarrik egongo. Pirata eta Juan Di Lago ere platoan izango dira, Akelarreko Bandarekin musika eta umorea jartzeko.
Aurkezle bakoitzak gonbidatu bat izango du
"Akelarre" berrituan aurkezle bakoitzak pertsonaia bat ekarriko du astero saiora, gainerako bi aurkezleei eta ikus-entzuleei aurkezteko. Programaren ohiko ildotik, gonbidatuak euskal kultura eta gizarteko pertsonak izango dira, baita Euskaditik kanpoko aurpegi ezagunak ere, ikus-entzuleen pertsonaia kuttunak betiere.
Musika eta umorea ere izango dira ikuskizunaren osagai, eta euskal abeslari eta taldeek programan parte hartuko dute. Aurkezleek umore onenaz hitz egingo dute beren bizitzei buruz, sareetako azken bideo biralak errepasatuko dituzte, eta sentimenduei, osasunari eta eguneroko obsesioei buruzko zalantzei erantzuten saiatuko dira. Horrez gain, "Akelarre" kalera irtengo da publikoarekin aurrez aurre topo egiteko.
IZARO, Jordi Sánchez, La Basu eta Lola Dacosta, denboraldiko lehen saioan
La Basuren erritmoarekin dantzan ekingo diote ostiral honetan denboraldi berriari, eta ez da gaueko musikari bakarra izango. Izan ere, Ana Goitiak IZARO ekarriko du platora. Anonimotasunetik ospearen gailurrera egin zuen bidaiaz hitz egingo dute, ondoren etorritakoaz, eta "cerodenero" izeneko lan berriaz.
Ana Goitia
Nerea Garmendiak, berriz, lankide batekin hitz egingo du, Jordi Sanchezekin. "La que se avecina" telesail ezagunean Recio pertsonaia antzeztu ostean, "Alimañas" filmarekin datorkigu Sanchez, aktoreak berak idatzi eta zuzendu duen lana. Silvia Abril ere batuko da solasaldira.
Nerea Garmendia
Lehen saioa behar bezala bukatzeko, Tania Llaserak Lola Dacosta hartuko du, programara helduentzako jostailuz betetako maleta batekin agertuko den sexu-coacha.
Tania Llasera