Gaztea
Gaztea Maketa lehiaketako final handia, gaur arratsaldean, Bilboko Sala BBK aretoan
EITB MEDIA
17:00etan "Gu" saio berezia egingo dute bertatik. Ondoren, 20:00etatik aurrera igoko dira taula gainera lau talde finalistak: Itzek, Ganibet, Enbata Lorade eta Zilibito Records. Streaming bidez jarraitzeko aukera izango da, Gaztearen webgunean eta YouTubeko kanalean.
Gaztea Maketa Lehiaketako finala
Gaur, azaroak 16, egingo du Gazteak 2023ko Maketa Lehiaketako final handia, Bilboko Sala BBK aretoan. Bertan lehiatuko dira Itzek, Ganibet, Enbata Lorade eta Zilibito Records, aurtengo lau finalistak.
17:00etan abiatuko dute ekitaldia, Sala BBKtik bertatik egingo duten "Gu" irratsaio bereziarekin. Bertatik igaroko dira finalistak, epaimahaikideak eta saioko ohiko kolaboratzaileak.
Ondoren, 20:00etatik aurrera, lau finalistek zuzenekoak eskainiko dituzte, oholtza gainean, Julen Idigorasek, Lorea Argaratek eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiaren aurrean. Ainhoa Vitoriak aurkeztuko du ekitaldia.
Lau kontzertuak entzunda eta epaimahaiaren balorazioa jasota, 2023ko Maketa Lehiaketaren irabazlearen izena jakingo dugu, baita Harrobia Saria (Oso Polita ekoiztetxearekin EP bat grabatzeko aukera) eramango duenarena ere. Gainera, Enbata Lorade taldeak GAZ Saria (2500 euro) jasoko du, Gazteako ikus-entzuleek hala erabakita.
"Gu" saio berezirako zein Maketa Lehiaketako finalerako sarrera librea izango da Sala BBK aretoan, aforoa bete arte. Bertaratzerik ez dutenek, nolanahi ere, streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute, Gaztearen webgunean eta YouTube kanalean.
Gaztea Maketa lehiaketaren aurtengo babesleak Gazteen emantzipaziorako Eusko Jaurlaritzaren GAZ zerbitzua eta Laboral Kutxaren gazte-txartela dira.